Giro goxoa eta etxekoa sumatu zen atzo arratsaldean Arraunetxen. Izan ere, Orioko Udalak herri aitortza ekitaldia egin zuen han, herritarrek hautatutako hiru pertsona eta elkarteko bat omentzeko xedez. Lehen aldiz antolatu du udalak ekitaldia, eta aretoa goraino bete zen protagonistak txalotzeko eta haien hitzak entzuteko.
Itziar Oliden izan zen lehen omendua, gertuko merkataritza bultzatzeko egindako lanagatik. Bigarrena Libe Arruabarrena kirolari gaztea izan zen; izan ere, eskubaloian munduko txapelduna da oriotarra. Talai Mendi elkarteko kideek jaso zuten aitortza jarraian, elkarteak martxan daramatzan 75 urte hauetan egindako lanagatik. Azkenik, Benito Lertxundi igo zen oholtzara, amaitu berri duen kantagintzaren jardunean egindako ibilbide oparoagatik.
Danbolin musika eskolako hiru biolin jotzaile arduratu ziren aretoa musikarekin girotzeaz, eta Egoitz Eizagirrek hainbat bertso eskaini zizkien protagonistei zein bertaratutakoei. Saioaren hasieran, Jabier Zabaleta Orioko Udaleko euskara teknikariak azaldu zituen ekitaldiaren nondik norakoak eta zergatiak; dinamizatzaile lanak, berriz, Iñigo Gaiton Orioko kultura teknikariak egin zituen. Halaber, Anuska Esnal alkateak aurkeztu zituen omenduak, horiek oholtzara igo aurretik.
Protagonistak banaka igo ziren agertokira, eta Gaitonekin jardun zuten solasean denbora batez. Ekitaldia borobiltzeko, Elene Tamayo oriotarrak egindako ilustrazio eta lore-sorta bana jaso zuten lau omenduek. Gainera, Danbolineko irakasle Ander Errastik agurra dantzatu zien oholtzaren gainean.