Eguraldiak baldintzatutako jaiak izan dira bukatu berri diren sanikolasak inondik ere, eta Orioko Udalak "eskerrak" eman dizkie herritarrei, "inoren gustukoak ez diren neurriak heldutasunez onartzeagatik". Udalak esan duenez, herritarrak babestea da erakundearen lehen zeregina, eta "erraza ez" izan arren, "berehala" hartu zituzten egoerari erantzuteko neurriak.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haizeagatik ezarritako alerta horie tarteko, festak berrantolatu behar izan zituen erakundeak. Besteren artean, barrakak itxi, kanpoan egitekoak ziren ekitaldiak espazio itxietara lekualdatu eta bi ekitaldi atzeratu –Gozategi taldearen eta DJ Bonen emanaldiak abenduaren 25ean egingo dituzte– zituen. Etor daitekeena aurreikustea "ezinezkoa" dela jakitun, datorrenaren aurrean nola jokatu erabakitzea bere esku zegoela azaldu du udalak, eta modu "positiboan" baloratu du sortutako egoerei herri bezala erantzutea lortu dutelako.
Erasoari, "erantzun sendoa"
Bestalde, udalak gogorarazi du herri mugimenduko kide batek erasoa jasan zuela larunbatean, eta eraso hura salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zutela. Erakundeak "eskerrak" eman dizkie kontzentrazioan parte hartu zuten herritarrei, erasoari emandako "erantzun sendoa" tarteko. "Herritarrok erakutsi dugu, berriz ere, ez ditugula pasatzen utziko horrelako erasoak eta irmo erantzungo diegula". Halaber, eraso guztien aurrean "tinko" jokatzeko eskatu die udalak oriotarrei.