San Nikolas jaiak 2024

Babes zabala jaso du atzoko erasoa salatzeko elkarretaratzeko deiak

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 8a, 13:51

Eguerdian frontoian bildu dira herriko eragile eta herritar andana, Orioko Mugimendu Feministaren deiari erantzunez. Erasoa Gazteen Ahotsa taldeko kide batzuek egin dutela esan zuten atzo, eta elkarretaratzearen amaieran, talde horretako kide batzuek hartu dute hitza, erasoa salatzeko eta erasotuari babesa azaltzeko.

Atzo iluntzean, Orioko Mugimendu Feministak elkarretaratzera deitu zuen gaur 12:00etan frontoian, sanikolasetako atzoko herri bazkarian eraso bat egon zela jakinarazi ondoren. Orioko Udalak bat egin zuen deialdiarekin, eta gaur 12:00etatik 12:30era etenda egon dira festetako ekintzak. Gainera, festetako eragileek ere bat egin dute protestarekin.

Babes zabala jaso du protestarako deiak, eta herritar eta eragile ugari elkartu da frontoian, tartean udaleko bi alderdietako kideak. Aski da, indarkeria matxisten aurrean autodefentsa feminista zioen pankartaren atzean elkartu dira herriko eragileak, eta haien aurrean eta alboetan, borobila osatuz, herritarrak.

Erasoari buruzko xehetasunik ez dute eman nahi izan oraingoz, ezta zer eraso mota izan den ere. Hori bai, esan dute ez dela eraso puntuala izan, "aspalditik datorren jazarpena" baizik, eta "sistematikoa bihurtzen ari dena". Erasoa nondik datorren ere esan dute: Gazteen Ahotsa taldeko kide batzuk izan omen dira. Talde horrek bere sare sozialetan zabaldutako oharraren arabera, berriz, erasotzaileek taldearen plataforma erabili zuten idatzizko erasoak burutzeko.

Hain zuzen, Gazteen Ahotsa kideek ere parte hartu dute elkarretaratzean, eta amaieran, beren elkartasuna adierazi diote erasotuari, eta erasoen nondik norakoen inguruan pistaren bat eman dute, baita taldearen jarrera zein den argitu ere: "Argi utzi nahi dugu Gazteen Ahotsa taldean ez dutela lekurik ez balio matxistek, eta homofoboek, eta kontrakoa pentsatzen duten edozein gazte jada ez dela gure taldearen parte. Mutil horiek esandakoak soilik beren iritziak direla azpimarratu nahi dugu, eta inongo momentuan ez direla izan Gazteen Ahotsa taldearen ordezkari".

Erasotuari "babesa" adierazi dio talde horrek, "Orio herri feminista eta inklusiboa izatea nahi dugulako". 

Elkarretaratzean, Orioko Mugimendu Feministak gogor kritikatu du pertsona horien jarrera, eta egoera orokorra dela esan du: "Oraingoan pertsona zehatz bat izan da erasotua, baina guk garbi daukagu jarrera hori orokorra dela eta herri mugimendu osoari eragiten diola. Denbora daramagu eraso matxistak, lodifoboak eta homofoboak eta faxistak jasotzen". Mugimendu horren ustez, Orio "momentu honetan ez da espazio segurua", eta nabarmendu dute "gune eta espazio seguru gutxi horiek erasotzen" dituztela. "Herriak beste aldera begiratzen jarraitzen du", gaineratu dute.

Herritar denei eskatu diete "horrelako erasoen aurrean jarrera aktiboa izatea eta erasotzaileak salatzea". Konplize ez izateko eskatu dute, "Orion ez dugulako inolako erasorik onartuko".

(Azken eguneraketa: abenduak 9, astelehena).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide