2025eko udal aurrekontua %16 handitu du Orioko Udalak iazkoarekin alderatuta

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 29a, 15:21

Orioko Udalbatzak aho batez onartu zuen atzoko udalbatzarrean 11,2 milioi euroko aurrekontua datorren urterako. Iaz baino 1,5 milioi gehiago izango du; horren arrazoi nagusia da 2025etik aurrera berak zuzenean kudeatuko dituela herriko kirol instalazio eta zerbitzuak.

Orioko Udalbatzak lehen onarpena eman zien atzo 2025eko udal aurrekontuei, aho batez onartuz udal gobernuaren proposamena. 11,2 milioi euro kudeatuko ditu udalak, iaz baino %16 gehiago. Hau da, 1.551.00 euro gehiago. Horren arrazoi nagusia da Karela kiroldegia zuzenean udalak kudeatuko duela, eta 680.000 euroko diru sarrerak espero dituela hortik.

Horregatik, sarreren atalean, tasak eta bestelako zergetan ia %37ko igoera dago iaztik, eta alderantziz, gastuetan, antzeko jaitsiera dago transferentzia arruntetan, kirol atal hori gastu izatetik sarrera izatera igaroko delako.

Sarrerak:

  • Zuzeneko zergak: 1.613.318 euro (+132.812 euro +%8,9)
  • Zeharkako zergak: 70.000 euro (-48.000 euro)
  • Tasak eta bestelako zergak: 2.812.821 euro (+768.000 euro +%37,7). Besteak beste:
    • Kirola: 704.204 euro (+687.000 euro)
    • Merkataritza, turismo eta enpresa txiki eta ertainak: 1.180.000 euro (-58.000 euro)
  • Transferentzia arruntak: 5.911.553 euro (+197.300 euro +3,45). Besteak beste:
    • Foru funtsa: 5.452.980 euro (+153.800 euro)
  • Ondare sarrerak: 574.805 euro
  • Inbertsio errealak besterenganatzeagatik eta hirigintzako jardueretatik eratorriak: 95.178 euro
  • Kapital transferentziak: 140.400 euro

Gastuak:

  • Pertsonal gastuak: 4.342.690 euro (+364.397 euro +%9,16)
  • Gastuak ondasun arrunt eta zerbitzuetan: 5.157.519 euro (+1.384.941 euro +%36,71)
  • Transferentzia arruntak: 1.087.008 euro (-565.000 euro -%34,21)
  • Kreditu globala: 125.000 euro (iazko bera)
  • Inbertsio errealak: 505.858 euro (+367.000 euro +%266))

Gastuetan, soldatak %3 igoko dituztela jakinarazi zuen Jon Carrera udal idazkariak. Gainera, bizpahiru lanpostu gehiago daude.

Transferentzia arruntei dagokienez, gastu murrizketetako bat lege aldaketak eragin du (100.000 eurotik gora), hondakin bilketak ez diolako kosturik eragingo hemendik aurrera udalari. Genero berdintasunean ere, 100.000 euro gutxiago izango da datorren urtean, Pertzetik-ek ematen duen zerbitzua lizitaziora aterako delako, eta hori bigarren kapituluan jaso dutela (gastu arruntak). Gauza bera gertatzen da kirol arloan, beste kapitulu batera pasako direlako gastuak.

Sailei dagokienez, Herritarren segurtasuna eta mugikortasunak 321.000 euroko partida izango du; etxebizitza eta hirigintzak 163.000 eurokoa; komunitate ongizateak 700.000 euro; ingurumenak 441.000 euro; gizarte ongizateak 704.000 euro (200.000 euro gehiago iaztik); hezkuntzak 137.000 euro; kultura, euskara, ondareak, aisialdia eta jaiak sailak 489.000 euro; kirolak 1.242.000 euro (iaztik milioi bat euro gehiago); merkataritza, ostalaritza eta turismoak 283.000 euro; eta zerbitzu orokorrak 300.000 euro, besteak beste.

Partida batzuk, irekita

Xehetasun batzuk ematearren, Karela kiroldegiarentzat 1.098.000 euroko partida aurreikusi dute. Antzeko partida izango du udal kanpinak, tartean igerilekua berritzeko lanak daudelako –254.000 euroko partidarekin–.

Hondartzara, esaterako, 207.000 euro bideratuko dituzte; Gizarte larrialdietako laguntzetara, 206.000 euro; genero berdintasun ekintzetara eta Saregile etxera, 209.0o0 euro; jai eta ospakizunetara, 154.000 euro; kirola sustatzeko, elkarteei denera 199.000 euroko laguntza emango die.

Hezkuntzari dagokionez, Musika Eskolara 514.000 euro bideratuko ditu, haur eta lehen hezkuntzara 293.000 euro, eta bigarren hezkuntzara, 406.000 euro. Tartean, haur eskola handitzeko lanak egitea aurreikusten dute.

Auzoei dagokienez, besteak beste, San Martin auzoko bidea hobetzeko 30.000 euroko partida ere jaso dute.

Beste hainbat partida zabalik ere utzi dituzte, aurrerago lan batzuk egin ahal izateko. Adibidez, herriko haur parke bat estaltzea, kiroldegiko taberna gimasio bihurtzea, hondartzako eraikina egokitzea, frontoi berria, kofradia berria edo zendutakoei azken agurra emateko toki egokia atontzea.

Bi alderdiak, gustura

Bai udal gobernuan den EH Bildu, bai oposizioan den EAJ, gustura agertu ziren 20253erako aho batez onartutako udal aurrekontuekin, eta bi alderdiek azpimarratu zuten "urte osoko lanaren ondorio" izan direla.

Noemi Ostolazak eskerrak eman zizkion udal gobernuari, "EAJk egindako proposamen guztiak txertatu direlako udal aurrekontuan". Alderdi horrek idatzi bat plazaratu du gaur atari honetan, bere iritzia sakonago azalduz, eta hemen dago osorik irakurgai.

Inaxio Alguacil EH Bilduko Ogasun zinegotziak ere eskertu zuen oposizioaren jarrera, eta aurrekontuen atal nagusien laburpena egiteaz gain, udal teknikarien lana azpimarratu zuen aurrekontuak osatzerakoan. Halaxe egin zuen udalbatzarraren amaieran Anuska Esnal alkateak ere: "Plazera da horrela lan egitea", esan zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide