Herriko udal kirol instalazioetako zerbitzuak bateratzeko eta zerbitzua hobetzeko pauso garrantzitsua eman du Orioko Udalbatzak joan den astean egindako ezohiko bilkuran. Bertan, aho batez onartu zituzten kirol zerbitzuak esleitzeko lizitazio berriaren pleguak eta Orioko Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko erregelamendua, EH Bilduren aldeko bederatzi botorekin –zinegotzi bat falta zen– eta EAJaren aldeko hiru botoekin.
Zerbitzuak Karela kiroldegian, Mendibeltz futbol zelaian, Arraunetxean, udal pilotalekuan eta surfeko lokalean eskaini beharko ditu enpresa esleipendunak, eta aldaketa datorren urtean martxan jartzea da asmoa.
Hala, udalak enpresa bat aukeratuko du kiroldegian hainbat zerbitzu exekutatzeko –mantenu eta garbiketa zerbitzuak beste kirol instalazioetan ere bai–, eta udalak erabakiko ditu kiroldegian egongo diren zerbitzuak, ordutegiak eta abar, eta abonatuen kuotak ere zuzenean udalak ingresatuko ditu, Inaxio Alguacil EH Bilduko zinegotziak udalbatzarrean azaldu zuenez. "Uste dugu kontrol zuzen honek zerbitzuetan eta kudeaketan hobekuntza ekarriko duela", esan zuen.
Alguacilek argi utzi nahi izan zuen "bermatuta" dagoela gaur egun kiroldegian lan egiten duten langileen jarraipena, eta "gainera, gaur egun aplikatzen zaien lan hitzarmeneko baldintzak mantenduz".
Kiroldegiko zerbitzuak hainbat ataletan hobera egingo duela esan zuen Alguacilek: izan ere, kiroldegia eguerdietan zabalik egongo da astegunetan–gaur egun itxi egiten dute– eta horrek erabiltzaile askorentzat alternatiba on bat suposatuko du; kirol jarduera egiteko kirol eskaintza zabala eskaini beharko da; derrigorrezkoa izango da orientatzaile figura edukitzea fitness gelan edozein erabiltzailerentzat eskuragarri egon beharko duena, eta hirugarren adinekoentzat, esaterako, orientazio zerbitzua ere ezarriko da, horien jarduera fisikoa sustatzeko.
"Orain arte eduki dugun kiroldegiaren kudeaketa integralarekin alderatuta, nabarmenduko nuke lizitazio honekin aldaketa esanguratsuena izango dela udalak, hemendik aurrera, kiroldegiaren ardura zuzena edukiko duela, eta kontrola bere gain hartuko duela, Kirol sailaren bitartez, hori delako, hain zuzen, kirol diagnosiak egiten zuen gomendioetako bat".
Adjudikazioa, bost urtera artekoa
Adjudikazio prozedurari dagokionez, zerbitzuko kontratua izango da, prozedura irekia izango du, eta proposamena aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, behin Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Kontratua hiru urterakoa izango da, bi urtez luzatzeko aukerarekin, eta urteko kontratua 930.000 eurokoa. Hori nola banatuko den ere azaldu zuten –borobilduta, BEZ barne–: kirol ekintzetarako 211.000 euro; sorospenerako 166.000 euro; bezero harrerarako 198.000 euro; mantenurako 164.000 euro; eta garbiketarako 190.000 euro. Kontratuaren balio estimatua deiturikoaz, hasierako hiru urte eta luzatu daitezkeen beste biak kontuan hartuta, 3.843.000 euro dira, eta BEZ gehituta (%21) 4.650.000 euro. Prezio hauek gorenak direla azaldu zuen Jon Carrera idazkariak, eta beraz, lehiaketara aurkezten diren enpresek kopuru hori jaisteko aukera edukiko dutela.
Alguacilek, berriz, azpimarratu zuen udal aurrekontuaren %8 suposatzen duela kontratu berri horrek, eta diru kopurua garrantzitsua izateaz gain, "Orioko kirol zerbitzuen esparruan ezarriko duen mugarriagatik" iruditzen zaiola inportantea.
Erregelamendua
Kirol zerbitzuen lizitazioa prestatzeaz gain, 83 artikuluz osatutako erregelamendua osatu du udalak, eta hori ere aho batez onartu zuten udalbatzarrean. Jendaurrean egongo da 30 laneguneko epean, eta alegaziorik ezean, lehen onarpena behin betiko onarpen bihurtuko litzateke. Ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko litzateke, eta hamabost laneguneko epea igarota, indarrean sartuko litzateke.
Erregelamenduaren arabera, Karela kiroldegiko harrera izango da Orioko kirol ekosistemaren sarbidea; alegia, herritarrek harrera horretan informazioa eskuratu ahal izango dute udal jabegoko kirol instalazioetan antolatzen diren kirol jarduera guztien inguruan. Alde batetik, udalak zuzenean antolatzen dituenetara, eta bestetik, Orioko Udalarekin lankidetza hitzarmena duten elkarteek antolatzen dituztenetara.
Erregelamendu horren xedea da Orioko Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzea eta pertsona fisiko eta juridiko erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zehaztea eta, horrez gain, pertsona horiek egin ditzaketen arau hausteengatiko zigor araubide administratiboa eratzea.
Erregelamenduak hainbat taldetan banatzen ditu erabiltzaileak: abonatuko pertsonak, pertsona juridikoak (kirol elkarteak eta kirol eragileak) eta pertsona fisikoak, sarrera duten pertsonak, kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea duten pertsona juridikoak, ikasleak, ikusleak, Mugimend kirol txartela duten beste udalerri batzuetako pertsonak eta, azkenik, lehiatzaileak.
Alguacilek azpimarratu zuen antolaketa hobetuko duela, eta kirol talde guztiak berdin tratatzea ahalbidetuko duela.
Bestalde, "abonatuaren figuraren inguruan oraindik lanketa egiteko" dagoela aitortu zuen, horien tarifak zehaztu gabe daudelako, eta hori bi alderdiek elkarrekin egin behar dutela gaineratu zuen. "Lanketa hori egiteko datuak falta zaizkigu oraindik, ordea. Ikusiko dugu lizitazioa zer preziotan gelditzen den, baita energia sistema berriek zer emaitza ematen dituzten eta zenbat aurrezteko gai garen".
EAJren baiezkoa
Noemi Ostolaza zinegotziak hitz egin zuen EAJren izenean, eta esan zuen "lizitazio eta gai garrantzitsua" dela EAJrentzat, eta gaiari "buelta asko" eman dizkioten arren, "merezi" izan duela, "herriari kalitatezko kirol zerbitzuak eskaintzeko lizitazioa delako". EAJk "bat egiten du gaur egun hartu duen norabidearekin, eta lizitazioak ekarriko dituen aldaketak espero dugu herriak dituen behar berrietara egokituko direla".
Erregelamenduari dagokionez, Ostolazak esan zuen bere alderdiak hasierako planteamenduarekin ez zuela bat egiten "inondik inora", baina "lanketa sakona" egin dela eta "norabidea aldatu" dela. "Eskertu" egin zuen elkarrizketarako eta kontsentsurako udal gobernuak izan duen jarrera, eta azpimarartu zuen erregelamendu berriak taldeko kirolari behar duen garrantzia ematen diola, eta hori nahi izan duela EAJk.
Alguacilek ere eskertu egin nahi izan zituen "EAJren jarrera eta borondatea". "Pertsonalki, pozten naiz horrelako erronkak aho batez onartu ahal izatea".
Testuingurua
Kontratua nahiz erregelamendua "ondo ulertzeko", Alguacilek iritzi zion beharrezkoa dela testuingurua azaltzea. "Udalak Orioko udal kirol zerbitzu eta instalazioen diagnostikoa egin zuen iaz, bai ikuspegi ekonomikotik, bai antolaketari nahiz erabilerari dagokionez. Ondorio batzuk positiboak izan dira, baina gabeziak ere oso modu gordinean erakusten dituzten ondorioak ere badaude, bai jasangarritasun ekonomikoari dagokionez, bai antolaketari dagokionez".
Diagnostikoaren arabera, udal kirol instalazioak ekonomikoki oso egoera defizitarioan aurkitzen dira, eta udaleko Kirol sailaren aldetik ez dago kontrol edo irizpide argirik; laburbilduz, kirol instalazioak modu independentean kudeatzen dira, kirol elkarteen eta kanpoko enpresen kontrolik gabe. Alguacilentzat, "argi dago argazki horrek erronka potolo batzuk" utzi dizkiela kirolaren eremuan, eta esan zuen azterketa horren ondorioak jakin orduko hasi direla etxeko lanak egiten "helburu zehatz batekin: Orion kirol sistema jasangarri, orekatu eta kalitatezkoa egituratzea".
Diagnostikoa esku artean, esku hartze batzuk dagoeneko egin dituztela azaldu zuen EH Bilduko zinegotziak: esaterako, kiroldegian energia sistema berriak ezartzeko inbertsioak egin dituzte, eta eguzki plakak eta aerotermiako zirkuituak martxan daude; kirol elkarteekin hitzarmenak sinatu ditu udalak, "elkarte guztiak plano berean ezarrita udalarekiko dituzten eskubide eta betebeharrei dagokienez"; eta mahai bat sortu berri dute aurten, eskola adinean dauden haur eta nerabeentzako eskola kirol eredu berri bat lantzeko asmoarekin. Azken horren berri laster emango dutela ere esan zuen.