Aurtengo aurrekontuen negoziazioak egun gutxi behar izan ditu aho batezko oniritzia jasotzeko. Baina aurrekontuen lanketa urte guztian egiten den lana da. Gure ardura herritarrengandik gertu egon, hauek entzun eta dituzten kezka eta beharrei erantzutea da. Urte guztiko lana da, eta lan honen isla aurrekontuetan izaten da. Aurrekontuak dira behar hauei guztiei emango zaien erantzuna gauzatzeko tresna.
Eta aurtengo aurrekontuei egin dizkiogun ekarpenak ildo horretatik joan dira. Oriotarren ongizatera bideratutako ekimenak txertatu dira, honela, aurrekontuetan.
Iazko aurrekontuetan txertatu zen, EAJ udal taldearen iniziatibaz, adikzioen inguruko ikerketa bat egitea. Martxan jartzea kostatu da, baina dagoeneko hasi dira lanketa horretan. Behin diagnosia izanda, ezinbestekoa ikusten dugu ekintza plan bat gauzatzeko partida bat izatea, diagnostikotik etorriko diren kezka eta erronkei aurre egingo dion ekintza plan bat izateko.
Orio herri zaintzailea izateko buru-belarri sartuta gauden honetan, prozedura horrekin paraleloan aurrera eraman daitezken bi iniziatiba martxan jartzea ere guztiz egokia ikusten genuen. Batetik, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko estrategia bat izatea, eta Hariak programara batzea. Programa honek ezagutza espazio bat eskainiko digu, bakardadearen prebentzioari eta aurre egiteari ekiteko, eremu horretako esperientzia zehatzak ezagutzeko aukera emanez. Bestetik, adinean aurrera goazenean, ditugun gaitasun mentalak mantetzeko, memoria taierrak egiteko partida bat txertatu dugu.
Berriki plazaratu da Orioko Kulturaren Plan Estrategikoa ere. Bertan egitasmo asko biltzen dira, baina iruditzen zaigu beharrezkoa dela partida bat aurreikustea aurten, herriko eragileek duten sasoia eta dinamika etorkizunean ere bermatzeko eta eragileen ezagutza zabaltzeko balioko duen ekimena gauzatzeko.
Aurreko plenoan, gurekin izan genituen Bizikidetzako Herritarren Foroa osatzen zuten kideak. Beraien ibilbideari amaiera eman zioten. Eskertuta, baina penaz, hartu genuen berria, izan ere, bizikidetzarekin konprometituak dauden herritarrak izatea eta horiek nolabaiteko antolaketa bat izateak, altxorra suposatzen du herriarentzat. Horregatik, bizikidetzaren alde jardungo diren herritarrak izateko, gazteekin memoria eta bizikidetzara zuzendutako ekimenak gauzatzeko partida bat txertatu da.
Eta inbertsioen atalari helduz, historikoki mahai gainean jarri izan dugun gaia: Orion parke estali bat izatearen beharra. Urteak dira eztabaida honetan gabiltzala. Partida bat ireki da estalpe hau egi bihurtzeko bidean, eta urtea amaitzerako Oriok parke estali bat izateko esperanza dugu.
Urte osoan izandako entzuketak 11 miloitik gorako aurrekontuan du erantzuna. Eta adostasuna egun gutxitan eta modu errazean etorri da. Planteatu ditugun iniziatiba guztiak daude aurrekontuan jasoak. Udalak urteetan izan duen planifikazioarekin eta gure alderdiak udalgintzan dituen printzipioekin bat egiten dute.