San Pedro jaiak 2024

Nortasuna eta lekukotasuna, festa giroan

Aritz Mutiozabal - Maialen Etxaniz 2024ko eka. 30a, 17:15

Arrantzale Eguna da gaur, eta iaz bezalaxe, eguerdian herriko plazan egin den emanaldi nagusiak ikusmin handia sortu du herritarren artean.

Sanpedroetako egitarauaren barruan, Arrantzale Egunaz gozatzen ari dira herritarrak goizean goizetik. Giro berezia sumatzen da gaurkoan Orion: arrantzale esparruko elementuak nonahi ikus daiteke, eta oriotar asko arrantzalez jantzita dabiltza. Jatorria, nortasuna eta lekukotasuna, festa bidez gogoan hartu, bizi eta transmititzeko.

Kultur etxe aurretik abiatutako kalejirarekin eman diote hasiera festari, eta bertan egin dute bat herriko hainbat elkarte, eragile eta bizilagunek, beste urte batez: dantzariak, Salatxo abesbatzako kideak, musikariak, sardinerak, karroa zeramaten arrantzaleak, txistulariak eta Pello eta Nikolasa erraldoiak, esaterako. Kalejirak musikaz eta dantzaz jantzi ditu hainbat txoko.

Eguerdian, 13:30 aldera, Arrantzale Eguneko emanaldi nagusia egin dute herriko plazan. Hasierako dantza erakustaldien ondoren, dantzariak portura abiatu dira eta haien babesean, aurtengo herriko arrantzale eta saregile omenduak plazaratu dira. Txalo artean, omenduei agurra dantzatu diete, kantuak eskaini eta Eneko Dorronsoro dantzariak Kaxarranka dantzatu du. Amaitzeko, Orioko balearen bertsoak abestu dituzte guztiek elkarrekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide