San Pedro festetako lehendabiziko egunean jokatuko dute VI. 3x3 Futbol Txapelketa Mendibeltz futbol zelaian. Aurten, gainera, emakumezko seniorrek ere lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute –beren kategorian– txapelketa sortu zutenetik aurreneko aldiz. Zaragueta herri eskolak antolatzen du futbol hitzordu hori, eta Gukari aurtengo edizioaren eta berrikuntzen berri eman diote Sonia Alonso, Ander Agote eta Olaia Eizagirre antolatzaileek.
Txapelketa LH1etik goragoko haur eta gaztetxoentzat izaten da, eta helduei ere ematen zaie lehiatzeko aukera. Orain arte, ordea, 16 urtetik gorako mutilen taldeek eta talde mistoek jokatzen zuten txapelketa, "eta aurten, berrikuntza gisa, nesken kategoria sortzea erabaki da", kontatu du Eizagirrek. Joseba del Olmo antolatzailearen ideia izan dela azpimarratu dute hirurek. "Bera ibili da hau guztia antolatzen, eta berak jarri zuen mahai gainean emakumeen kategoria txertatzearena. Proposamena da, eta ikusiko dugu ea parte hartzea igotzen den eta nola ateratzen den", gaineratu du Agotek.
Eizagirreren ustez "neskak egon badaude", eta uste du taldeak errazago osatzeko zozketa egin daitekeela. Haurretan ere, adin batzuetan horrela osatzen dituzte taldeak.
Izen-ematea amaitzear
Futbol txapelketak hainbat kategoria ditu. LH1etik LH6rakoak, DBH1-DBH2koak, eta DBH3 -DBH4koak mistoak izaten dira; 16 urtetik gorako helduek ere talde misto gisa nahiz gizonezkoen eta emakumezkoen taldeetan parte hartzen dute.
Izena emateko epea datorren astelehenean amaituko da, eta parte hartu nahi dutenek Karela kiroldegian edo Zaragueta herri eskolan edukiko dute horretarako aukera, baita online ere, galdetegi hau beteta.
Jokalari bakoitzeko lau euro ordaindu beharko dira, eta gehienez ere adin bakoitzean hamar talde onartuko dira. Talde bat osatzeko, berriz, lau edo bost jokalari bildu beharko dira. Zalantzaren bat izanez gero 688 73 97 70 telefono zenbakira deitu daitekeela jakinarazi dute.
Sanpedroetan beti
Orain arteko balorazioa "ona" dela esan du Alonsok. Festetan egiten da beti, eta arrazoiaz galdetuta, herriko behar bati erantzunez egiten dela gaineratu du: "Sanpedroetan egiten da, herriak eskatu ziolako eskolari ekimenen bat eginez parte hartzeko jaietan. Umeei asko gustatzen zaie futbola, Mendibeltz bezalako zelaia daukagu, eta bururatu zitzaigun 3x3 txapelketa antolatzea polita izan zitekeela. Ume asko eta jende asko etortzen da".
Lehiaketa izan arren, bertan sortzen den "festa giroa" azpimarratu du Alonsok. "Ez da konpetizioa bakarrik izaten; festa giroa egoten da, hainbat motatako sariak, eta partaideak gustura ibiltzen dira". Agoren iritziz, "festei hasiera emateko modu ona da".