Kontxako bigarren igandea: banderaren bila batzuk, txanda irabaztera besteak

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 12a, 17:48

Bihar, irailak 13, Kontxako estropaden bigarren jardunaldia jokatuko da 10:00etatik aurrera. Hondoko itsasoak metro eta erdi inguruko baga garbiak ekartzea aurreikusten da.

Traineru denboraldia azkenetan sartzen ari da. Bihar, igandearekin, urteko zitarik garrantzitsuena jokatuko da Donostiako badian: Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia. Pandemia dela eta, irteera ordua ezohikoa da aurtengo edizioan: emakumezkoen lehen txandako traineruak 10:00etan aterako dira, eta gizonezkoenak, berriz, 11:00etan.

Orioko bi txalupak Ohorezko txandetan arituko dira arraunean. Emakumezkoen traineruak aldeko 2,22 segundoko abantailarekin ekingo dio estropadari. Orio eta Donostiarraren artean dago banderaren lehia, eta txanda irabazten duen taldeak bandera etxera eramateko aukera asko izango ditu.

Gizonezkoen kasuan, banderaren lehiatik urruti daude, 23 segundora. Denboraldia nola joan den erreparatuz gero, ordea, Ohorezko txanda irabazteko gaitasuna duela erakutsi du Jon Salsamendiren taldeak; horretara aterako dira bihar, lehengo igandeak utzitako zapore garratza leuntzen saiatzeko.

Metro eta erdiko olatu garbia eta eguraldi ona

Windguru webguneak iragartzen duenari erreparatuta, arraunerako baldintza onak aurreikusten dira biharko: metro eta erdi inguruko olatu garbiak eta eguraldi ona. Hondoko itsasoa izango da, bagak ikusiko dira, baina ez da itsas baldintza zailik izango.

Haizeari dagokionez, goizeko lehen orduan hegokoa izango da, eta 9:00etatik 11:00etara bitartean ipar-ekialdetik jotzera bira egingo du. Nolanahi ere, indar aldetik egonkor ibiliko da haizea, eta ez da ufada handiegirik aurreikusten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide