Kontxako bigarren estropada jokatuko dute etzi Orioko bi traineru nagusiek. Egun garrantzitsua izan ohi da oriotarrentzat, baina egungo egoera delikatua tarteko, herritarrei zuzendutako oharra plazaratu dute udalak eta Arraun Elkarteak:
"Datorren igandean, irailaren 13an, Kontxako estropadako bigarren jardunaldia izango da; egun seinalatua Orioko arraunzaleentzat, egutegian markatuta izaten dutena. Aurten, ordea, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, ezin izango dugu egun berezi hori nahi genukeen bezala ospatu, eta udalak eta Arraun Elkarteak dei egiten diegu herritarrei zentzuz eta arduraz jokatzeko egun horretan, arrisku egoerarik ez sortzeko eta elkar babesteko.
Egoerak jende pilaketak ekiditea eta segurtasun neurri guztiak betetzea eskatzen du eta, hori dela eta, igandean ez dugu inolako ekitaldirik antolatuko.
Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu segurtasuna zaintzeko: protokoloak ezarri, eragile inplikatuekin bilerak egin... Orain, zuei, herritarroi, eskatzen dizuegu zuen partea ere betetzeko. Herritar bakoitzak ere ardura hartu behar du eta zentzuz jokatu, besteei eskatzen diena bere buruari aplikatuz eta bere gain dagoena egoki betez.
Orion ospakizun asko eta handiak egin ditugu Kontxako estropadaren bueltan eta seguru gaude gero ere are handiagoak egiteko gaudela.
Esanda bezala: zaindu elkar eta Aupa Orio!"