Kiroldegiko harmailak beteta egon ziren abuztuaren 27an, asteazkenean, Kilometroak jaiaren alde ospaturiko eskubaloi partidatan. Bera–Berak eta Zarauzko Aialak batetik, eta Amenabar Zarautzek eta Bidasoa Irunek bestetik, lagunartekoak jokatu zituzten Karelan.
Emakumeen arteko partidan, zarauztarrak lehen zatian aurretik jarri baziren ere, donostiarrak gailendu ziren 19-29ko emaitza eginez. Bigarren partidan, Bidasoan jokatzen duen Jon Azkue eta Amenabar taldean aritzen diren Atorrasagasti anaiak elkarren aurka jokatzen ikusteko aukera egon zen. Berdinketarekin amaitu zen partida, 21-21.
Antolakuntzak Bera Bera, Bidasoa eta Aiala eta Amenabar Zarauzko taldeei eskerrak eman nahi dizkie, pozteko modukoa izan zelako Kiroldegia bete-bete ikustea, eta giroa gori-gori.