Erreala eta Eibar lehen mailako taldeak dira, eta Espainiako Futbol Ligako gorengo mailan daudenetik elkarren aurka jokatuko duten lehen partida izango da abuztuaren 15ekoa. Kilometroak 2014 Jaiaren alde jokatuko dute Zarautzen, 18:00etan.
Lehen mailan bi talde Gipuzkoar daude, eta biak aurrez aurre jarriko dira Kilometroak jaiaren alde. Joxe Mari Olazabal Zarauzko Kirol Elkarteko futbol ordezkariak Zarauzko zelaia partida horren lekuko izatea ohore bat dela aitortu du. Errealak aurre denboraldiko partida guztiak belar naturaleko zelaietan jokatzen dituela aipatu du, eta horregatik Orion egitea ezinezkoa zela. Zarautzen behin baina gehiagotan jokatu dute prestaketa partida Errealak, baita Eibarrek ere. Oraingoan, arrazoia ezberdina da, eta guretzat, garrantzitsuagoa, gaineratu du.
Asier Lertxundi Zarauzko kirol zinegotziak Olazabalen esana berretsi du. Horrelako ekintzak egitea plazerra da guretzat. Udala derrigortuta sentitzen da baliabideak jartzeko, ekimen hauek bultzatzea ezinbesteko ikusten baitugu, esan du kirol zinegotziak.
Ohorea eta egi bete den ametsa. Eibar lehen mailara igotzea guztion desioa zen, eta bi talde gipuzkoarrek Kilometroak Jaiaren aldeko lagunarteko partida jokatzea ametsa, aitortu du Arantza Manterola Kilometroak Kultur elkarteko Lehendakariak. Real Sociedad fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Kilometroak Jaiarekin, eta ordutik Ikastolen jaiaren alde urtez urte lan handia egiten duela azaldu dute. Eibar taldeak ere proposamena mahai gainean jarri orduko prestutasuna azaldu du eta hasierako ideia egikaritzea ekarri du horrek, ametsa egi bihurtzea.
Ohorezko sakea Demetrio Esnaolak egingo du
Joseba Orella Orioko Kilometroen koordinatzaileak partida hasi aurretik Demetrio Esnaolari omenaldi xume bat egingo diotela aipatu du. Ikastolaren hastapenei keinu egin nahi izan diogu ekitaldi horrekin, eta garai hartan egindako lan ikaragarria ekarri nahi izan dugu gogora. Bera izan zenez Orioko Herri Ikastolako lehen zuzendaria, eta lana erruz egin zuenez, bera omenduko dugu, azaldu du Orellak.
Poltsiko guztietarako sarrerak
ETB 1ek emango du zuzenean partidua, baina, dena den, egokiena bertaratzea da, irizten dio Eñaut Telleria Kilometroak 2014ko koordinatzaileak eta horretara animatu ditu gipuzkoarrak. Sarrerak aldez aurretik erostea gomendatzen dute, gehienezko edukiera 2.500 pertsona ingurukoa baita, eta honela sarrera ziurtatua izango baituzu.
Partidua ikusteko tiketak Orion eta Zarautzen izango dira salgai. Orioko Erria txikota! dendan eta II Gelato kafetegian; eta Zarautzen, Txiki Polit tabernan. Harmailetako sarrerek 15 euroko prezioa izango dute, eta sarrera orokorrek 10 euro balioko dute helduentzat eta 5 zortzi urte azpikoentzat.
Sarrera edukita ere garaiz joatea aholkatu dute. Horrez gain, pilaketak egon ez daitezen lineako autobus eta bizikleta erabiltzea kontseilatu dute, edo oinez joatea.
Futbolak eskubaloiari emango dio testigua
Errealaren eta Eibarren arteko lagunarteko partida ez da uda sasoiko kirol ekitaldi bakarra izango. Abuztuaren 27an, Orion, Karela kiroldegian, Gipuzkoako eskubaloi talderik onenak nor baino nor izango dira.
Bi lagunarteko partida jokatuko dira. Bata 18:00etan Bera-Bera emakumezkoen eskubaloi taldearen eta Gipuzkoako konbinatuaren artekoa; eta bestea, 20:00etan, Zarauzko Amenabar eta Irungo Bidasoa taldeen arteko partida izango da. Zarautzen Orioko Atorrasagasti anaiek jokatzen dute, Ander eta Josu Atorrasagastik; eta Bidasoan Jon Azkue oriotarrak jolasten du. Hortaz, Orion jokatzeaz gain oriotarrek ere jokatuko dute.
Sarrerak bost eurotan eskuratu ahal izango dira Orioko Erria txikota! dendan, II Gelaton eta Zarauzko Txiki Polit tabernan.