Analisia

Zortzi postu, hamaika amets

Erabiltzailearen aurpegia Leire Ibar 2026ko abuztuaren 31

Emakumezkoen traineruak, iazko Kontxako Banderan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Traineru denboraldia martxan da, eta Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. Hamabigarren iritzia Leire Ibar arraunlari ohi azpeitiarrak idatzi du.

Abuztuko azken asteburua igarota, arraun denboraldia ere azken txanpan sartu da. Gizonezkoen lehen maila salbu, gainontzeko ligetako sailkapenek hartu dute behin betiko forma jada. Ligako postuek ordea ez dute ezer ziurtatzen Donostiako badian. Arraunaren denboraldiak azkenak eman dituela uste duenik balego, oker dabilen seinale, orain iritsiko baita urteko hitzordu berezienetako bat, Kontxako Bandera.

Irailaren 2an eta 3an jokatuko dira, hurrenez hurren, Kontxako gizonezkoen zein emakumezkoen sailkatze estropadak. Zortzina traineru izango dira denboraldiko azken geltokirako txartela lortuko dutenak, beste hainbatek, ordea, udari amaiera emango dio han bertan. Batzuentzat, denboraldi osoan egindako lana borobiltzeko aukera izango da, eta askorentzat, urte osoan urrutitik begiratu dioten plazan behingoz arraun egiteko parada. Helburuak ez dira berdinak, baina guztiek dute egun horretan zerbait jokoan.

Ligek bakoitzaren lekua zehaztu dute asteburuz asteburu. Puntuak pilatu ahala, eta garaipenak zein porrotak gehitu ahala, talde bakoitzak bere tokia hartu du orain arteko sailkapenean. Denboraldiak pixkanaka, hierarkia bat eraikitzen du, baina Kontxara iristean, hierarkia hori baliorik gabe geratzen da. Ligan goian amaitu duenak ez du zertan lasaiago egon, eta behean ibili denak, aldiz, ez du zertan amore eman.

Kontxak ez ditu aurreko asteburuak ontzira sartzen, ez ditu puntuak brankaren aurrean eramaten eta ez du du begiratzen taldeak aurretik zein postutan amaitu duen. Egun horretan, arraunlariek aurrean duten bakarra itsasoa eta kronometroa dira. Egun handian ona izatea da gakoa.

Telebistaren bestaldetik begiratuta, ohitu egin gara zortzi edo hamabi traineruren arteko lehia ikustera. Izenak ezagunak zaizkigu eta koloreak ere bai. Baina sailkapen estropadek bestelako arrauna erakusten digute, ohiko eszenatokia zabaldu egiten dute.

Faboritoek ere ez dute izaten erlaxatzeko tarterik eta apalagoak direla uste den horiekin ere tentuz ibili behar izaten da, ustez ezer galtzeko ez duten horiek estutzen baitituzte hortzak gogorren. Lehen mailako taldeek badute zer galdua, beheko mailetatik datozenek ordea irabaztekoa.

Horixe da, nire ustez, Kontxak duen baliorik handiena, ez dela soilik arraunaren elitearen erakusleihoa, kontrara, urte osoan zehar eraikitako guztia leku berean biltzen duen unea dela. Han elkartzen dira bandera begiz jota dutenak, oraindik bete gabeko ametsak dituztenak, ohiko izenak eta egun batez leku hori irabazteko aukera dutenak

Iraileko lehenengo astean zortzi traineruk lortuko dute azken geltokirako txartela, eta beste askok han emango diote amaiera udari. Batzuek espero bezala, eta beste batzuek ziurrenik nahi baino lehenago.

Horregatik, ez zait interesatzen Kontxako sailkapena nork irabaziko duen asmatzeko ariketa huts bihurtzea. Faboritoak egongo dira, jakina, eta ligak pista batzuk emango dizkigu, baina Kontxak badu aurreikuspenak baino zerbait gehiago, eta hori da, hain zuzen ere, urtero itzultzen duen ilusioa, gertatuko dena ezin asmatu izatea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide