Aliron gloriosoa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025ko ira. 17a, 10:35

Igandeko harreran, Benito Lertxundi, plazan, udaletxera sartzen. (Onintza Lete Arrieta)

Honako hausnarketa egin du Iñaki Iturainek igandeko harrera jendetsuari lotuta.

2025eko irailaren 14a zen, igandea, arratseko zortziak, Pello eta Nikolasa, oriotarren erraldoiak, harrituta zeuden, paseatzera atera zituzten; sanpedroak aspalditxo bukatuta eta sanikolasetarako ia hiru hilabete falta zirela, "zer dela eta atera gaituzte gaur Kultur Etxetik kalera?". Jende asko ikusi zuten irten orduko, festa giroa, bertakoak eta kanpokoak, denak pozik, irribarretsu. Halako batean musika entzun zuten, aliron, "hara, txaranga dator Bikamiota aldetik!". Nikolasak, eta gaztetan arraunlari izandako Pellok "garbi dago, estropada irabazi dute eta alirona da".

Erraldoi izateak baditu alde onak, beren altueratik, urrutira ikusten dute. A zer jendetza datorrena txarangaren atzetik, marea hori bat! Eta Pello eta Nikolasa ere batu egin ziren arraunzaleen kalejira alaian, txarangako musikarien ondoan. Pellok galdetu egin zion txarangako ezagun bati: "Nondik zatozte?". Hark azaldu zion: "Bikamiotatik, hara etorri da arraunlarien autobusa, han jaitsi dira altxerritarrak, Portukoak, Aldapekoa, gozategitarra, Aiakoa, zarauztarra…". Eta Nikolasak erantsi: "Aurten bermeotarra ere bada baten bat, eta urrutiagokoak ere ba omen dira arraunlari koadrilan!". Pellok aukera baliatu zuen bere jakinduria erakusteko: "Bai, etxekoekin bakarrik ezingo genuke banderarik irabazi, hori garbi geratu zen iaz, aurten gehienek egiten dutena egin dugu Orion ere: kanpotik arraunlari batzuk ekarri, taldea osatzeko eta indartzeko. Gaurkoa da horren emaitza: Liga irabazita, gaur Kontxako bandera ere bai; 36 omen dira nesken eta mutilen artean Donostian irabazitako banderak". "Uuuui, sustoa eman didazu, 36? 1936koa gogorarazi didazu, gerra". "Hura ahaztu ezazu, neska, gerra kontua bestela ere bada-eta munduan".

Pello eta Nikolasa, igandean, kalejiran. (O.L.A.)

Horrelaxe aritu ziren Nikolasa eta Pello, Orioko bi erraldoiak, beren artean berriketan, plazarako bidean. Aurretik txaranga, ondoren arraunlariak, irabazitako bandera astintzen, eta atzetik adin guztietako herritar horiak, saltoka eta dantzan.

A zer betekada plazakoa! Eta gainera jendea pozak puztuta! Tokirik ez eta kabitu egin behar! Alirona oso berezia izan zen igandekoa. Pello eta Nikolasa, udaletxepean lehen lerroan jarrita, haien altueratik dena ikusteko arazorik gabe, primeran zeuden. "Gu bezala, gaur txarangako musikariak ere txapela horia buruan" ekin zion Pellok. Musikariak kantari: "Gora Mitxelena-ta beraren koadrila, berriz ere saiatuko gera banderaren bila", gerra aurreko garaian Orion kantatzen zuten abestia berreskuratuta.

Pelloren burua kontuak egiten hasita zegoen: "Eguna historikoa da, dena da marka gaur: Aranberrik Kontxako 10. bandera du, Aita Manuel sanpedrotarraren 9ko errekorra gaindituta, Orioko mutilek Liga eta Kontxa irabazi dute, lehen aldiz urte berean, eta aurreko igandean Oriok historiako bere denborarik onena egin zuen eta denen arteko bigarren onena".

Nikolasa ere oroitzapenetan hasi zen: "Gaur 50 urte ere hemen ginen banderarekin, 1975ean, handik bi astera Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten, eta gero Franco hil zen". Eta, halako batean: "Hara, Benito igo da balkoira, Gorka patroiak eramanda".

Arraun zaleak, igandean, Bikamiotako biribilgunean, txarangaren doinuen erritmora dantzan. (O.L.A.)

Benito balkoian zen, arraunlariekin batera. Egun hartan bertan omenaldia egin zioten Benitori Getxo Folk musikaldian, zenbait kantarik errepasoa eman zioten Lertxundiren kantutegiari, tartean Mikel Markez zela. Benito ez zen bertan izan, nahiago izan zuen omenaldia berak egin arraunlariei herritarrekin batera, eta azkenean Orioko herriak egin zion berari aitortza inprobisatua. Balkoitik banan-banan arraunlari guztiek, bandera astintzearekin batera, "Nere herria, mirotz leinua, arraun orru bihozkadaren oihua, ez zara inoiz bakarrik joango, nire gogoa da zure arnasa izango" kantatu zuten Benitorekin batera; eta borobiltzeko, Aldapek sentimendu handiko bertsoa bota zuen, balkoian lotuta zegoen palestinarren banderak herritarroi haien kontrako genozidioa gogorarazten zigun bitartean.

Alirona bukatuta, Pellok eta Nikolasak batera: "Ederki ibili gara gaur Orion. Ea datorren igandean ere, Bermeon edo eta Portugaleten irabazita, ateratzen gaituzten berriro paseatzera eta ospatzera!". Bi erraldoiak erretiratuta, arraunzaleak bandera atzean zutela argazkiak egiteko txanda iritsi zen, egunaren oroigarri.

Egun gogoangarria izan zen igandekoa oriotar askorentzat, oroigarri ederrak geratu dira, herriaren oroimenean txertatzeko modukoak. Pello eta Nikolasa bezala, erraldoia da herriko gazte batzuek arraunlariei animoa emateko moldatu duten bandera, eta handia da ez bakarrik tamainan, baita mamian ere, hitz gutxi hauekin: Kolore bat, sentimendu bat, eta irudi honekin: tosta berean arraunean neska eta mutila. Elkartearen presidente Jon Olasagastik borobildu du dena, ETBri hauxe esanez: "Denboraldiari arraunlariek jarri diote ginda horia, urrezko hariarekin josia!".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide