ANALISIA

Beste aukera bat

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Manterola Garate 2026ko uztailaren 27a

Hainbat lagun elkarri eskutik helduta. (Pixabay)

Traineru denboraldia martxan da, eta Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. Zazpigarren iritzia Aitor Manterola kazetari zumaiarrak idatzi du.

Pentsatzen hasita nago arraun munduan gertatzen den istilu, eztabaida edo molde horretako beste edozer egoera arrauna beraren aldarria dela. Oihu etsi bat: "Hemen jartzen dizuet beste aukera bat zuek denon artean konpontzen has zaitezten, ni salbatzeko". Azkenekoa, oraingoz, Donostiakoa, aurreko larunbatekoa, Euskotren ligari eragin ziona.

Gauza batzuk beste modu batera egin beharko liratekeela ari da eskatzen arrauna. Enegarren aldiz aldarrikatu du eragileen iritzia aintzat hartzeko. Donostian, ez al zen ederra izan emakumezkoen liga nagusiko zortzi entrenatzaileak hitz egiten hastea zerbait adosteko, eta gainera, adostasuna lortzea? Zertan oinarrituta eta beren arraunlarien osasuna eta segurtasuna zaintzeko. Bejondeiela! Horra eragile multzo baten aldarria. Beste aukera bat liga gobernatzen dutenei zuzendua.

Baliatu behar bailuke aukera hori ligak. Alde batera utzita agintearen boterea (balego), eta aztertuz, agian, klubek beraiek onartuta dauzkaten lege batzuen aurretik jarri behar direla, kasu, arraunlarien osasuna, segurtasuna eta zaintza. Eta aukera emanez legeak aldatzeko, eraldatzeko, berritzeko, gaurkotzeko, legeak ez baitira mugi ezin daitezkeen harri tzarrak. Zenbat lege ez ote dira kendu edo aldatu edo hobetu edo berriak sortu gizarteko beste esparruetan, lege horiek bete ez dituzten eragileen jarrera ausartarengatik, zenbat?

Bat egin zuten entrenatzaileek aukera honen uberan jarraitu beharko lukete, hitz egiten segitzeko, eztabaidatzeko, adosteko. Ez dadila izan arratsalde bateko eta bakarreko enkontrua. Arrauna haiei begira ere badago. Aurrekariak ikusita zaila bai, baina utopikoa ez da ba izango pentsatzea hemendik atera daitekeela entrenatzaileen batzorde edo elkarte bat? Edo batzorde bat izango den horren aurreneko oinarria izan daitekeela, gutxienez.

Zer ikusi, hura ikasi egingo lukete, akaso, arraunlariek, entrenatzaileen adibideari segika. Eta zergatik ez osatu arraunlarien batzorde edo elkarte bat? Poztuko litzateke, poztuko litzatekeenez, arrauna. Eta sekulako jauzia egingo luke balizko bi batzorde edo elkarte horien eta ligako gobernuen artean elkarri zintzotasunez laguntzeko bideak eraikiko balira. Ez du ba zaila ematen...

Pentsatzen hasita nago, baina, zaila dela, eta sinesten hasita nago badela hor nonbait, ezkutuan, gobernatzeko eta agintzeko modu jakin bat ez galtzeko beldurra. Edota berdin segitzeko nahi bat, auskalo zeren mesedetan, halakorik baden edo ez jakin gabe. Baita horrekin batera ere egia absolutuen keria guztiak. Arrazoiaren jabe norbera dela, eta norbera bakarrik dela oinarrian duen aldarte eta pentsamolde itsusi hori. Ezer eraikitzeko balio ez duen hori. Eta hortik erator daitekeela besteari burlaizez jarduteko jarrera birrintzailea. Eragile batzuengan sumatzen dut hori, adibidez. Besteei hegoak ebakitzen dizkien egoz beteta dago traineru hau, zoritxarrez.

Beste aukera bat eman zuen arraunak larunbatean, eta balio izan zezakeen genero berdintasunean beste luze bat egiteko. Baina hainbat gizonezkori entzunda eta irakurrita, horiek, behintzat, estropada horretatik kanpo daudela konturatu nintzen. Penagarria izan zen hainbati entzutea emakumezkoek estropada ez jokatzeko hartutako erabakiaz hizketan, gizonezkoaren ikuspegitik bakarrik, eta gizonkeri zantzuko baieztapenekin, batzuen kasuan. Pentsatzen hasita nago beste aukera bat eman beharko diela arraunak hauei ere. Irteera ustelak gutxitzen joateko bada ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide