Badira urte batzuk Igeldoko errusiar mendian ibili ez naizela, baina azkenekoz ibili nintzenean bidaia azkar pasa zenaren oroitzapena daukat. Aurtengo traineru denboraldia igaro den bezala. Begiaik itxi eta ireki egitearekin batera Madrildik Kontxako badian azaldu naiz.
Errusiar mendiaren antzera joan da gure traineru denboraldia, gorabeheratsu, emaitzen aldeari erreparatuta, behintzat. Animo aldetik, ordea, beti hobetzeko eta irribarre batekin. Momentu zailei aurre egiteko prest eta ondokoari laguntzeko intentzioarekin, nahiz eta askotan zaila izan den. Estropadetako zortzigarren postu garratzak, lesioak, azken uneko olatuak eta txanda irabaztearen pozak.
Madrilen lortutako bigarren postuak sekulako ilusioa eragin zigun taldean, baina Zierbenan eta Galizian lortutako azken postuek, talde kidetasuna eta aurrera egiteko grina eta nahia areagotu zizkiguten. Asteburuek aurrera egin ahala, kanpoan gelditu diren taldekideen jarrera ere, txalotzekoa. Erronka gogor honi heldu izanak eta kanpotik bizi izanak indartsuago egingo zaituzte etorkizunean. Arranplara iristen garen bakoitzean (bigarren zein zortzigarren), gure zain elkar animatzeko eta laguntzeko prest egon zaretenoi, eskerrik asko.
Denboraldia aurrera joan den heinean goraka joan dena herrikideen animoak zian dira. Ezin aipatu gabe utzi. Abuztuan sartzearekin batera kaleak zeharkatzean jasotako animo mezuek nabarmen egin dute gora. Eta hau kirolariak eskertzen du.
Amaitu da guretzat denboraldia Kontxako estropadarekin. Emaitza ez da izan amesten genuena, baina bost urteren ondoren arranplara itzultzea zoragarria izan da. Mila esker ekipo, familia eta ingurukoei. Atzokoan besarkada bana eman zenidaten guztioi, eskerrik asko.
Azkenik, esan, guztiek bezala, guk ere asko eta gogor entrenatzen dugula, baita ondo eta pozik ere (nahiz eta hau ez lortu egunero). Eta hori lortzea ez da erraza, lan asko egin behar da. Ez guk bakarrik, baita inguruak ere, eta hor zuek (irakurle, jarraitzaile eta herritar) zakuan zaudete.