ANALISIA

Telebista piztuta

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti

Tolosaldea eta Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen ontziak, atzo, Getariako estropadan. (Eneko Santamaria)

Traineru denboraldia martxan da, eta Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. Hamargarren iritzia Itziar Olasagasti arraunlari oriotarrak idatzi du.

Abuztu erdia igarota, Euskotren ligaren amaierarako bi jardunaldi eta bandera bakarra geratzen zaizkigu. Zein azkar doan denboraldia. Atzo bertan Buitrago de Lozoyan (Espainia) ginela zirudien eta! Abuztuko jardunaldiak etxetik gerturago direnaren aitzakian, sumatzen da herritarren eta zaleen artean interesa gorantz doala.

Larunbateko estropada Pasaiako (Gipuzkoa) badian izan genuen, Euskotren ligako zortzi ontzietatik bostek entrenatzen duten eremuan. Agian horregatik izango da, baina estropadako lehen hiru minutuak basamortua baina lehorragoak egin zitzaizkidan. Badia hartan bazen isiltasuna. Maiderren ahotsa bakarrik entzuten nuen. Baliza aldera gerturatu ahala, jende gehiago nabaritzen zen, baina tira, benetan esango dizuet, jendearen gertutasun handiagoa espero nuen. Onartu behar du aurkariaren etxean ginela.

Igandean, aldiz, Getarian itsasoko estropada izanda, inguruko itsasontzi dezente antzeman ziren eta autobuseko ilaran nabari zen estropada ikustera gerturatutako jende andana. Baina ezin aipatu gabe utzi txapeldunak lehorreratzean bizitako une gogorrak; bai, zuen seme-alabei begiak tapatzeko keinuak egin zenizkietenean.

Azken urteetan gure kirol honen emanaldietan lortutako aurrerapausoen harira, gai bat ateratzea gustatuko litzaidake. Esaterako, droneek traineruen plano zuzenak eskaintzen dizkigute airetik. Irudi zoragarriak, baina aldi berean estropadaren nondik norakoak galarazten dizkigunak. Esaterako, atzoko estropadako bigarren luze osoan hiru traineru segundo berean joanda (estropada birtualean, beste txandakoekin batera), ia ez dago hiru ontzien arteko lehia erakusten duen planorik. Alboko plano horiek desagertzen ari zaizkigu. Traineruek olatua hartu edo hamarrekoa jotzen duen uneak galtzen ditugu. Ziabogetan ere berdin: ontzi bakarrarengan jartzen da fokua, eta ziabogen irteerak galtzen ditugu. Arraunean ibili denak badaki zein garrantzitsuak diren ziabogako irteera horiek, eta azken estropadetan behintzat, ez ditugu horrelako irudiak ikusi.

Aireko irudiak zoragarriak dira fokua zure taldearengan jartzen dutenean, baina onartu iezadazue, estropadaren perspektiba osoa galtzea ekartzen dutela. Traineru bakarraren planoak ikusten ditugu, eta eskerrak GPSaren datuak dauzkagun! Bestela, gainontzeko taldeak non dauden ikusi ere ez genituzke egingo.

Proba egin nahi? Ez naiz urrutira joango. Ikusi larunbateko estropada, eta esan Orioko emakumezkoen taldea ia 11 minutuko estropadan zenbat denboraz enfokatzen duen telebistak. Bigarren proba, igandeko estropada: zenbat denboran goaz Tolosaldea, San Juan eta Orio segundo berean? Eta bitarte horietan, zenbat plano daude hiru traineruenak? Kontatu, eta kalean ikusten nauzuenean esango didazue.

Amaitzen joateko, lehen aipatu dut basamortua, eta ezin esan gabe utzi, droneek, irudiak hartzeko, eremuaren zati estrategikoenak bereganatu dituztela; hau da, publikoarengandik gertuen dauden edo eremua egokien ikusten den guneak gailu horien aireportu bihurtu dituztela, guk, zuek, denek, etxetik irudi eder, ikusgarri eta plano bakarrekoak izan ditzagun. Horrek guztiak estropada zuzenean ikusten ari diren zaleen eta arraunlarien arteko gertutasuna galtzea dakar, eta jendea estropadak etxetik edo fan zone-tik ikustera bultzatzen du.

Zarauzko estropadak ditugu asteburuan. Trenak beteta joango dira azken urteetan bezala, oinez ere jende andana ibiliko da, baina paseoan betiko hamar katuak ikusiko ditugu. Non geratuko dira besteak? Bada, fan zone-an, non bestela? Eta ez nau batere harritzen. Izan ere, estropada ikusteko gunean dauden karpa, segurtasun neurri eta aireportuekin, zaleentzako geroz eta leku gutxiago dago. Eskerrak lehorreratzean begiak tapatzen dituztenak baino gehiago zareten taldeak txalo zaparrada batekin jasotzen gaituzuenak. Biba zuek!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide