Aiako alkate izandako Gabino Alustizaren izena daraman oroigarria jarri dute haren omenezko plazan, frankistek fusilatu zutela 90 urte bete diren honetan. Ekimenaren bidez, 1936ko altxamenduaren ondorengo errepresioaren biktimak eta, bereziki, herriko alkate ohiaren memoria bizirik mantendu nahi izan dituzte.
2024an jarri zioten Alustizaren izena Aiako plaza berriari. Orduan, haren omenezko ekitaldia egin zuten, eta bertan daude alkate ohiaren bustoa eta Pello Esnalek hari eskainitako bertsoa. Orain, 90. urteurrena baliatuta, haren izena daraman oroigarria jarri dute plazan, herritarrek haren memoria eta askatasunaren alde egindako lana gogoan izan ditzaten.
Alustiza eta 1936ko gerraren ondorioz eraildako gainerako pertsonak gogoratzeko ekimenak testuinguru zabalago batean kokatzen dira. Izan ere, urriaren 19an, Hernaniko hilerrian 1936ko gerran frankistek fusilatu eta desagerrarazitako 200 pertsonaren omenezko ekitaldia egin zuten. Jon Ander Azpiroz egungo Aiako alkatea ere bertan izan zen.
Azpirozek, gainera, Alustiza gogoratzeko mezua zabaldu du sare sozialetan: "90 urte, betirako aldendu zintuztela. Ez zizuten duintasuna kendu, nahi zuten bezala. Oinarririk duenak, zutik iraun dezala!".
(Argazkiak: Jon Ander Apiroz).