Gabino Alustiza 1931tik 1936ra arte izan zen alkate Aian, fusilatu zuten arte. 2011z geroztik, Aiako udaletxeko batzar aretoan plaka bat dago haren omenez, baina, orain, udalak, beste urrats bat eman nahi izan du, eta EAJko alkate zenaren omenez, plaza eta eskultura inauguratu dituzte gaur eguerdian.
Hain zuzen, igerilekuaren eraikinaren gaineko eremua izango da aurrerantzean Gabino Alustiza plaza. Bertan elkartu dira udaleko ordezkariak eta EAJko zenbait kide, tartean, Joseba Egibar legebiltzarkide ohia eta Gipuzko Buru Batzarreko presidentea. Baita Alustizaren ondorengoak ere.
Jon Ander Azpiroz alkateak hartu du hitza lehendabizi, Agur jaunak abestiaren erritmora ikurrina mastan igo eta gero, eta azaldu du udala aspaldidanik ari dela memoriaren inguruko lanketa egiten. Lanketa horri nolabait itxiera eman diote gaurko inaugurazioarekin. Gero kendu dio estalkia Azpirozek Alustizaren bustoari, eta agerian geratu da Pello Esnalek hari idatzitako bertsoa ere, bustoaren azpian harrian zizelkatuta.
Esnalek hartu du hitza gero, eta azalpenak eman ditu Alustizari eskainitako bertsoaren inguruan. Bertsoa elkarrekin abestu dute gero, eta amaiera eman diote ekitaldiari.