Euskal Herriko mendi eta txoko askotan mantentzen dira oraindik lehengo ohiturak, baina gutxik jarraitzen dute izaten Zelatungo erromeriak duen indar eta xarma berezia. Beste urte batez, Hernio mendiaren magalean dagoen zelaia euskal kulturaren eta nortasunaren topagune bihurtu da gaur, iraileko azken erromeria ospatu baitute han. Aurtengo iraila bezalako gutxi izango ziren historian Zelatunen. Eguraldi eguzkitsuarekin esnatu da eguna, eta hori ikusita, ehunka lagun igo da Zelatunera erromeria giroa ospatzera. Gaur, Elizagoien ahizpen txanda izan da, eta haien erritmora dantzarako jende multzo latzak sortu dira.
2026. urte honetan jende asko ibili da Zelatunen igandero, eta gaurko iraileko azken erromeriak hori berretsi baino ez du egin. Zelatundik Herniora igotzeko ilara luzeak sortu dira, bi bordetan ere zain egon behar izan dute herritarrek mokadua egiteko... Nolanahi ere, jendea festarako gosez igo da beren herrietatik Zelatunera, eta usadio zaharrari bizirik eutsiz, gozatua hartu dute denek.
Erromeriarekin batera, elkarretaratze bat ere egin dute Zelatunen. Sañu Bizirik, Errezil Bizirik eta Amasamendi Bizirik taldeek deituta, mendietan zentral eolikorik ez dutela nahi adierazteko protesta egin dute. Mendiak ez daude salgai. Makroeolikorik ez! lelopean egin dute protesta, eta hainbat lagunek egin du bat.