60. urtez mendizalez bete zen Pagoeta atzo. Natura parkearen eguna ospatzera igo ziren ehunka herritar bertara, eta goizean zehar hainbat jardueraz gozatzeko aukera izan zuten gurutzean zein inguruko zelaian. Trikitilarien emanaldia eta jan-edanerako aukera ez ezik, bertaratu zirenek hainbat adituren azalpenak jarraitzeko aukera izan zuten.
Esaterako, Aitor Iraeta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteko kideak parte hartu zuen hitzorduan. Pottoken egitekoa zein den azaldu zuen hark, eta kontatu zuen moduan, "pottoka milaka urtetan Euskal Herritarrekin egon den animalia da". Adituak azaldu zuenez, pottoken berezitasunik nabarmenena beraien egokitzeko gaitasuna da: "Mendietara egokitzen dira, eta mendi horiek mantentzen laguntzen dute". Halaber, ohartarazi zuen "desagertzen" ari den espezie bat dela.
Horrez gainera, Jose Inazio Ganboa Euskal Makil Jokoa elkarteko kideak euskal makila borrokaren sorreraz mintzatu zen Pagoetan. Euskal Herrian sortutako "antzinako borroka sistema bat" dela esan zuen Ganboak. Artzain giroan sortu zela kontatu zuen: "Artzainek beraien burua zein artaldea defendatzeko erabiltzen zuten". Elkarteko beste kidek borrokaldiaren erakustaldia ere eskaini zuten.