Astelehen honetan sartu da indarrean Lurraldebusen UK08 lineako zerbitzu berria, Aia-Orio-Zarautz artekoa, eta bi egunetan kexa mordoa eragin ditu bizilagunen artean. Joan den astean Aiako Udalak eta aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak azaldu zuten "zerbitzua indartu" egin duela Aia eta Orio artean, baina herritarrek salatu dute Aia eta Zarautz artekoa asko murriztu duela; Laurgain auzotik, esaterako, orain egunean bi autobus bakarrik igarotzen direla, lehengo aldean gutxi. Hain zuzen, auzo horretako bizilagun batek gutuna helarazi zion hedabide honi egoera salatuz, eta gauza bera egin zuen ezindu egoeran dagoen beste herritar batek.
Beste herritar batek, berriz, sinadura bilketa abiatu du. Gaur arratsaldean jasoko ditu sinadura guztiak, bihar udaletxera eramateko. Ostiralean hasita, dagoeneko 170 bilduak ditu –Aiako tabernetan, farmazian eta BM supermerkatuan daude sinadura orriak eskuragarri–.
Herriko hainbat gazte ere idatzi bat prestatzen hasiak dira "lehengo ordutegia berreskuratzeko helburuarekin", hedabide honi jakinarazi diotenez.
Aiako Udalari iritzia galdetuta, horrek Gukari jakinarazi dio ohar bat kaleratuko zuela gaur bertan, eta hala egin du. Sare sozialetan zabaldutako oharraren arabera, "udala aldundiko arduradunekin harremanetan jarri, eta zerbitzua berraztertzen hasi da, zerbitzu eraginkorragoa eta herritarren adostasun zabalagoa izango duena" helburu hartuta. Jon Ander Azpiroz alkateak sinatutako idatziaren arabera, "bi erakundeen nahia eta helburua, beti, herritarren beharrei erantzutea da", eta horregatik, "saiatuako gara ahalik eta azkarren irtenbide berri bat aurkezten".
Sinadura bilketarekin aurrera
Udalaren mezuaren berri izan ondoren, herrian sinadura bilketa egiten ari den herritarrak berretsi du aurrera jarraituko duela ekimenarekin, eta bihar udaletxean idatzi bat aurkeztuko duela.
Idatziak jasotzen du autobus zerbitzuan egindako aldaketak "eragozpen handiak" sortzen dizkiela erabiltzaileei, besteak beste, honakoak: "Lan eta eskola ordutegiekin bateraezintasuna; itxaronaldien luzapena, gidariaren kontrolpetik kanpo dauden arrazoiengatik atzerapen txikienak ere konexioak galtzea dakarrelako; Orio-Aiako gaueko azken autobusa, 21:05ekoa, kentzea".
Gutuna sinatu dutenek diote aldaketa "aurrez kontsultatu gabe eta alternatibarik eskaini gabe" egin dutela, eta udalari formalki hiru gauza eskatu dizkiote: aurrenekoa, ordutegi berria "lehenbailehen" berrikustea; bigarrena, aurreko ordutegia berrezartzea edo, bestela, erabiltzaileen benetako beharrei erantzuten dien aldaketa adostu bat; eta, azkena, egoera jorratzeko informazio bilera edo elkarrizketa bat deitzea.
Gazteen iritzia
Herriko gazteak ere mobilizatzen hasi dira, Zarautz eta Aia arteko zerbitzu murrizketak bete-betean eragiten dietelako, zehazki, Batxilergoan eta unibertsitatean dauden gazteei. Hedabide honek jakin duenez, 2006 eta 2010 urteen artean jaiotako gazteak idatzi bat prestatzen hasi dira, "lehengo autobus zerbitzua berreskuratzeko helburuarekin". Esan dute "beti" egon direla arazoak ordutegiarekin, baina orain arte beren egunerokoa autobusen orduetara moldatu ahal izan dutela. "Orain, ezin da", nabarmendu dute. "Bizitza Zarautzen egitetik Orion egitera derrigortzen gaitu aldaketak", gaineratu dute.
Ordutegi murrizketarekin batera, autobusa ere aldatu egin dela esan dute, eta ibilgailu berriak 26 pertsonarentzat tokia duenez, aste honetan jada kanpoan gelditu direla ikasle batzuk. "Autobusa bete egin da Laurgaineraino iritsi aurretik, eta bi ikasle eskolara joan ezinda gelditu dira", salatu dute.
Ikusgai dago udalak eta aldundiak zer erabaki hartuko duten kexa horien guztien aurrean, eta egoera noiz bideratu ahal izango duten.