Aia

UK08 autobus zerbitzuari buruzko herritar ezindu baten kexa

Aitor Azpiroz Ezama 2025eko azaroaren 15a

Lurraldebuseko autobus bat. (Gipuzkoa.eus)

Aitor Azpiroz Ezama aiarrak honako gutuna helarazi dio Gukari, Lurraldebusen UK08 zerbitzuan egindako azken aldeketek gurpildun aulkiaren beharrean daudenei "eragozpen gehiago" emango dizkiela salatuz. Hedabide honek autobusen ordutegian egindako aldaketen harira jaso duen bigarren kexa da honakoa.

Azaroaren 17tik aurrera martxan jarriko den autobus zerbitzuaren ordutegi aldaketa dela eta, nire desadostasuna eta haserrea adierazi nahi dut erabiltzaile naizen aldetik.

Nire kasuan, ezindu egoeran nagoen herritar bat izanik eta nire egoera berdintsuan, gurpildun aulkiaren beharrean gauden herritar gehiago bezela, onartezina da Zarautzera doazen autobusak kentzea eta gehiengoa Oriora bideratzea. Zerbitzuen aldaketa honek, Zarautzera joan-etorria egin behar dugunontzat, goizean 07:20ko autobusa hartzera edo 22 kilometroko ibilbidea egiteko lau autobus edo tren hartzera derrigortzen gaitu. Kontuan izanik, autobusak ez duela atzerapenik eta bere ordutegia betez datorrela, 40 minutuan egin dezakegun bidea 60 minutura luzatzen da. Aipatu gabe ezin utzi, Aia-Orio geltokian gurpildun aulki batek autobusetik errepidera jeitsi beharra izatea, Santiotik Oriorako norazkoan ez baitago markesinarik, ez eta espaloirik ere.

Zerbitzuen ordu aldaketa honen zergatia, Euskotrenaren eta ospitaletara doan autobusaren ordutegiarekin bateragarri ez zetorrelako egin omen da. Ordutegia zuzendu/moldatu/aurreratu eta bidaiak Zarautzera batez ere mantendu beharrean, bidaien gehiengoa Oriora zuzentzeak izan ditzakeen eragozpenak kontuan izan gabe. Dena dela, Zarautzera joanez ere, Oriora trenez eta ospitalerako autobusarekin ordutegia zehaztu ezinik ez zegoela iruditzen zait.

Urrutira joan gabe, nire alabak, Donostiako Ospitalean erizaintzako ikasle denak, azken hiru urteetan Aiatik Ospitalerako joan-etorriak autobus zerbitzua erabiliz egin ditu.

Gure herriaren irudi den Pagoetako Parke Naturala non geratzen da orain, bertaratzeko autobus zerbitzu publiko duinik ez duenean? Jakitun gara gure herriak dituen mugak zeintzuk diren, baina aldaketa hauek onartu eta martxan jartzeko eman diren pausoak ez direla zuzenak eta zentzudunak izan esango nuke.

Iruditzen zait lehendik ere nahiko arazo badugula zoritxarrez gurpildun aulkiaren beharrean gaudenok, orain aldaketa honekin eragozpen gehiago izateko. Eta entzun dudanagatik, ez gara kaltetu bakarrak.

Foru Aldundia, Euskotren, Lurraldebus, EAJ, Aiako Udala edo ez dakit nori dagokion aldaketa honen ardura, baina mesedez eskatzen dizuet, ni eta nire moduan gaudenok ere aintzakotzat hartzeko gainontzeko herritar guztiak bezela.

Besterik gabe, agur bat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide