Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten Euskaraldia, eta herriz herri ari dira hamaikakoak aurkezten; hots, herri horretan Euskaraldiaren aurpegia eta ahotsa izango diren enbaxadoreak, Euskaraldian zehar ahobizi edo belarriprest rolean parte aktiboki hartuko dutenak.
Bada, aurreneko aldiz, Aiak ere izango du bere hamaikakoa Euskaraldian, eta atzo arratsaldean aurkeztu zituzten hango kideak, Kultur Etxean egin zuten ekitaldi xumean. Honakoak dira estreinako hamaikakoa: Susana Martin, Jenny Ross, Gotzon Iruretagoiena, Joseba Pagadizabal, Laura Prieto, Ixabel Unsain, Jose Inazio Alustiza Palaziyo, Esti Markez, Tise Elorza, Banesa Verdasco eta Amaia Garitano.
Joxemari Unanue da Aiako eta Orioko Euskaraldiaren koordinatzailea, eta berak egin zituen aurkezpen lanak, baita gogorarazi ere Euskaraldian izena emateko epea zabalik dagoela, eta Kultur Etxean nahiz online eman daitekeela izena belarriprest zein ahobizi roletan. Aurten, gainera, herritarrek Hikaldian ere parte hartzeko aukera izango dute; animatzen direnek, Euskaraldiko egunetan beraiekin hika aritzera animatuko dituzte herritarrak.
Ekitaldia borobiltzeko, bertso poteoa egin zuten Agin Laburu eta Eneritz Artetxe bertsolariekin, eta herriko trikitilariek ere jarri zuten beren alea giroa alaitzeko.