Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Aian bildu da gaur goizean. Kontseiluak asteartero egiten du batzarra, eta hilean behin, lurraldeko herri batean egiten dute bilera. Gaurkoan, Aian.
Batzararen aurretik, herriko proiektuez bilera egin dute Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak, elkarlanean zer egin daitekeen aztertzeko.
Batzarraren ostean, berriz, talde argazkia atera dute guztiek udaletxe aurrean, eta batzarraren berri eman diete komunikabideei. Azkenik, herriko hainbat proiektu bisitatu dituzte, Azpirozen gidaritzapean, tartean kirolgune berria kokatuko den eremua.
"Herri bizia" edukitzearen garrantzia
Prentsaurrean Azpirozek azpimarratu du "landa eremu zaindua eta polita" eduki nahi bada, "herri biziak behar" direla, eta horretarako, "ezinbestekoak" direla hainbat proiektu: etxebizitzak sustatzea, zerbitzu egokiak edukitzea eta azpiegiturak gaurkotuta edukitzea nabarmendu ditu. Hala, aldundiari "eskerrak" eman dizkio "urte luzez udala eta aldundia elkarlanean aritu direlako herriarentzat estrategikoak diren proiektuak gauzatzen".
Mendozak ildo beretik hitz egin du, azpimarratuz Aiak "ekarpen handia" egiten diola lurraldeari, eta horregatik, aldundiak ere bere ekarpena egin behar diola herriari.
Diputatu nagusiak jakinarazi du landa garapeneko diru laguntza deialdi berria onartu dutela gaurko bileran, eta hori 800.000 eurokoa izango dela. "Diru laguntzaren helburua da herri hauen garapen sozial eta ekonomikoa bultzatzea, eta azken lau urteetan 3,6 milioi euro bideratu ditugu horretara. Azken urtean, adibidez, Aiako igerilekua egokitu ahal izan da laguntza horiei esker".
Batzarrak herrietan egiteari ere garrantzia eman dio Mendozak: "Herriz herri bilduta, konfiantzako esparruak sortu nahi ditugu bertako herritarrekin eta alkateekin, proiektuak ditugulako komunean. Gipuzkoako Foru Aldundiak esaten duenean gure helburu nagusia dela gipuzkoar guztien ongizate integrala, gipuzkoar guztiez ari garelako. Horretan azpimarra jarri nahi dugu", esan du.