Aiako Udalak 3,9 milioi euroko udal aurrekontua izango du hasi berri den 2025 urte honetarako; zehazki, 3.982.025 euro. Iazko udal aurrekontua baino 900.000 euro gehiago dira, 3.049.252 euro eduki baitzituen orduan. Aia Lantzen S.A. sozietatearen aurrekontua, berriz, 1,2 milioi eurokoa izango da.
Abendu amaierako udalbatzarrean onartu zuten EAJren proposamena, aho batez: EAJren sei boto, EH Bilduren lau eta Aiako Batzarre Burujabearen bat eskuratu zituen.
Udal aurrekontuaren herena, 1,4 milioi euro, inbertsioetara bideratuko du udalak; nagusiki, udal kiroldegi berria egitera; 1,2 milioi euro erabiliko dituzte azpiegitura berrian. Gainera, Aia Lantzenen aurrekontu ia-ia osoa ere inbertsioetarako izango da –beste 1,2 milioi euro–.
Kirolgune berriaz gain, Urdanetako auzogunearen urbanizazioren lehenego fasea (100.000 euro), nekazal azpiegiturak (80.000 euro) eta landa lurren digitalizazioaren laugarren eta azken fasea (50.000 euro) daude inbertsio aipagarrienen barruan, udalak ohar bidez azaldu duenez. Auzoetan 40.000 euro inbertituko dituela ere jakinarazi du.
Irekita utzitako partiden artean, berriz, Urolako Komunikazio Taldeari (UKT) 4.500 euroko diru laguntza emateko hitzarmena sinatzea aipatu zuen alkateak udalbatzarrean bertan.
Honakoak dira Aiako Udalak 2025eko udal aurrekontuetan izango dituen sarrerak eta gastuak:
Sarrerak
- Zuzeneko zergak: 620.525 euro.
- Zeharkako zergak: 80.000 euro.
- Tasak eta bestelako zergak: 202.056 euro.
- Transferentzia arruntak: 1.964.080 euro.
- Ondare sarrerak: 18.400 euro.
- Kapital transferentziak: 323.684 euro.
- Finantza pasiboak: 773.280 euro.
Gastuak
- Pertsonal gastuak: 879.892 euro.
- Ondasun arruntak eta zerbitzuak: 1.276.338 euro.
- Finantza gastuak: 800 euro.
- Transferentzia arruntak: 274.992 euro.
- Kreditu globalak eta bestelakoak: 80.000 euro.
- Inbertsio errealak: 1.470.001 euro.
Oposizioaren iritzia
Bozketaren aurretik, Azpirozek esan zuen bere alderdiak –EAJ– borondatea azaldu zuela udaleko gainerako alderdiekin hitz egin eta aurrekontuak negoziatzeko.
Ondoren, Aitor Arregik hartu zuen hitza EH Bilduren izenean. Esan zuen "zalantzak eduki" dituztela bozkatzerakoan, batez ere denbora falta izan dutelako gaia ondo aztertzeko. "Gure akatsa ere izan da, baina baita udalarena ere, denborak ez dituelako ondo markatu", esan zuen. Proiektu handiei dagokienez "zehaztasuna falta" dela ere iritzio dio EH Bilduk, "diru horiek zertarako erabiliko diren xehatu gabe dagoelako".
Horri lotuta, Arregik esan zuen udalari eskatu diotela mahaiak irekitzea etxebizitza, kultura, gazteria eta euskara sailetan, "gai batzuk elkarrekin lantzekoak direla uste dugulako eta aspalditik esaten ari garelako lan egiteko beste modu bat behar dela".
Dena den, aurrekontuei baiezkoa ematea erabaki zuten, eta horren arrazoiak azaldu zituen: "Proiektu gehienekin ados gaude, eta eskertzekoa da udal honen jarrera bilerak egiterako garaian, eta bereziki Jon Anderren figura". Azkenik, Arregik esan zuen bere taldea udalaren pausoei "adi" egongo dela "elkarrekin hitz egindako puntu estrategikoetan".
Aiako Batzarre Burujabeko zinegotzi Roman Berlosok, bere aldetik, eskerrak eman zizkion udalari "erakutsitako borondateagatik".