Aiako igerileku eraberritua hilaren 14an irekiko da. Inoiz baino beranduago egingo du, eraikin osagarria eraikitzeko obrak atzeratu egin baitira. Dena dela, aiarrek prest izango dute uda garairako. Aiako Udalak jakitera eman duenez, itxi ere beranduago egingo da: irailaren 15ean, hain zuzen ere.
Uda osorako bonuak jarriko dituzte eskuragarri. Ekainaren 10etik 14ra arte, biak barne, herritarrek izango dute bonuak erosteko aukera. Igerilekuan bertan, 16:00etatik 19:00etara bitartean egongo dira eskuragarri. Aiarrek lehentasuna izango dute bonuak eskuratzeko orduan; horregatik, inguruko herrietakoentzat ekainaren 15etik aurrera jarriko dituzte salgai.
Tarifak
Aiako Udalak denboraldiko bonuen prezioak jakinarazi ditu. Lehenego urteko prezio bera mantenduko da kasu guztietan. Ordainketa, berriz, eskudirutan egin beharko da.
Denboraldiko bonuak:
- 0 eta 2 urte artekoentzat doan.
- 3 eta 5 urte bitartekoentzat 25 euro.
- 6 eta 17 urte bitartekoentzat 30 euro.
- 18 urtetik gorakoentzat 45 euro.