Nekane Arrizabalagak (Aia, 1972) eta Josetxo Mendizabalek (Arroa, Zestoa, 1955), beste behin, elkarrekin parte hartuko dute Azpeitiko klasikoen rallyan. Beti bezala, Arrizabalaga ariko da gidari eta Mendizabal kopilotu. Betitik izan dute biek autoekiko zaletasuna, eta biak beren herrietako alkateak zirela hasi ziren rallyetan, 2019an. Horregatik, batzuek "alkateen autokoak" gisa ezagutzen dituzte rallyetan.
Arrizabalagari familiatik datorkio autoetarako afizioa. "Familiako kide gehienei gustatzen zaie autoen mundua, eta, azkenean, gertu bizi duzun hori gustuko bilakatzen da", dio aiarrak. Aiako alkate zela ezagutu zuen Arrizabalagak Mendizabal, Zestoako alkate zela. "Beste gai batzuk izaten genituen hizketagai, baina gure elkarrizketetan beti ateratzen zen autoekiko zaletasuna", azaldu du aiarrak. Zera erantsi du arroarrak: "Hizketan ari ginen batean, hala esan zidan Nekanek, 'nik gidatuko nuke auto bat', eta segidan esan nion, 'ni alboan joango naiz, auto eskolan irakasle ibilitakoa naiz eta'. Lagun batek autoa utzita hasi ginen klasikoen rallyetan".
Rallyetan hasteko kasualitate askok bat egin zutela diote, eta horietako bat da Lagun Artea eskuderia ere ezaguna zutela. Azpeitiko klasikoen rallya eskuderia horrek antolatzen du, baita Aiako Andatzako Igoera auto lasterketa ere. "Alkate nintzenean, igoera tarteko, Lagun Arteakoak ezagutzen nituen, eta rallyetan parte hartzen hasi ginenean, familia giroan hartu gintuzten", dio Arrizabalagak. Mendizabalek ere alkate zenetik ezagutzen ditu Lagun Arteakoak: "Klasikoen rallya Zestoatik igarotzen zen, hainbat urtetan Zestoan egin zuen geldialdia, eta ordutik dut harremana rallyen antolatzaileekin. Lagun Arteakoekin lagunarteko egin ginen, eta oso gustura joaten gara Azpeitiko rallyra".
Aurreneko rallyra "ondo pasatzera" joan ziren biak, eta gorabehera batzuk ere izan zituzten. "Lehen zatia Urrakin zen. Gure aurretik makal zihoazen aita-seme batzuk, haiek pasatu nahi genituen, baina ez genuen argi pasatzea balekoa al zen", gogoratu du kopilotuak. Bigarren rallyra, ordea, "serioago" joan ziren, eta egun ahalik eta ondoen egiteko asmoz parte hartzen dute probetan.
Erregulartasuneko rallyak dira klasikoenak, eta errepide irekian egiten dituzte. Beraz, berezitasun ugari dituzte. Honela kontatu dute bakoitzaren rola zein izaten den: "Gidatzen goazenok kopilotuaren aginduak jarraitu behar izaten ditugu, noiz makalago eta noiz azkarrago joan...". "Kopilotuok, aldiz, beti agindu egiten dugu, baina gaizki agindutakoan... kontuak. Probaren egunean antolatzaileek txosten bat ematen digute: rutometroarekin, ibilbide agiriarekin... Hor bidegurutzeak eta ibilbideko pista batzuk azaltzen dituzte. Beraz, adi joan behar izaten da deskuidurik ez izateko, bestela minutu eta puntu asko galtzeko arriskua izaten da eta". Ibilbidean ezusteko hainbat kontrol ere jartzen dituzte antolatzaileek.
Gailuak lagungarri
Autoaren barruan, ibilbidea ahalik eta ondoen egin ahal izateko, hainbat gailu ere badituzte: "Tableta batean ibilbide zatiak sartuta izaten ditugu, eta han agertzen zaigu makalegi edota azkarregi goazen... Beste gailu bat kable bidez gurpilekin lotuta egoten da, eta zenbat metro egiten ari garen jakiten dugu".
Egun osoa hartzen die rallyak, baina gustura ibiltzen dira. "Giro ona izaten da parte hartzaileon artean, eta polita da lagunartean eguna pasatzea. Inportantea da bazkaltzera iristea, lagunartean ibiltzea, eta behin ibilbidea ahalik eta ondoen bukatutakoan, elkarrekin afaltzera joatea. Hori da garrantzitsuena", azpimarratu du gidariak. Larunbatean asmo horretan joango dira Klasikoen Azpeitia Hiria Rallya jokatzera.