Eguraldi narrasak ez du eragotzi Orion jendetza elkartzea 24. Korrikarekin bat egiteko. Aurreikusitakoa baino ia ordubete beranduago iritsi dira korrikalariak Aginagatik Mapil baserriaren parera, eta hantxe hartu dute lekukoa, Korrikaren 1.794. kilometroan, Orio Eragin eta Badok 13 taldeetako ordezkariek. Handik herrigunerantz eragile mordoak eraman dute lekukoa –kilometroa baino motzagoak egin behar izan dituzte lekuko aldaketak, 800 metrotik behin, eskariari erantzuteko– eta herriko sarreran jende uholdea batu zaie Euskara gara lelo duen egitasmoarekin bat eginez.
Korrikak une hunkigarri asko utzi ditu; horietako bat, herriko ikastetxe guztiek lekukoa elkarrekin eraman dutena izan da: Zaragueta herri eskolakoek, Orioko herri ikastolakoek eta Maria Maestra haurreskolakoek elkarrekin hartu dute kilometroa.
Korrika herri barrura sartu da aurtengoan ere, Herriko Plazatik Eusko Gudari kalera egin baitu, eta berriz plaza ondotik igaro da Zarautzera jarraitzeko. Orioko lurretako azken lekukoa aiarrek eraman dute; Aiako Udalak herrian euskaraz ikasten ari diren Arigune uler saio proba pilotuko ikasleei eman die horretarako aukera, eta horiek zarauztarrei pasatu diete lekukoa, Xuai gainean, 1.803. kilometroa burututa.
Festa, goizetik iluntzera
24. Korrikak egun osoko festa ekarri du aurtengoan Oriora. 11:00etan hasita, Korrika Txikia egin dute herriko bi ikastetxeetako haurrek eta gaztetxoek, eta behin Korrika pasatuta, Herriko Plazan jai giroan jarraitu dute: txokolate beroa banatu dute, haurrentzat antzezlana ere izan da, eta gero, helduek triki-bertso poteoa egin dute. Gero, mokadua eskaini dute plazan bertan, Arkuperen eta herriko tabernarien eskutik.
Eguraldiak lagundu ez arren, herritarren gogoa nahikoa izan da 24. Korrika ere biribila izateko.