Tipi-tapa, euskara lau haizetara zabaldu dute haur eta gaztetxoek

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 25a

Euripean bada ere, hondartzatik hasi eta Herriko Plazara, herriko bi ikastetxeetako ehunka ikaslek eraman dute eskuz esku Korrika Txikiaren lekukoa gaur eguerdi partean. 

Hasi da atzera kontaketa. 24. Korrika berehala iritsiko da Oriora –ikus hemen egitarau osoa–, eta ohi bezala, giroa berotzeko Korrika Txikia egin dute herriko bi ikastetxeek elkarrekin. Eguraldia lagun izan ez duten arren, gaztetxoek gogo handiz eman diote hasiera gaurko egunari. 11:00etan abiatu dira ikasle zaharrenak, DBHkoak, hondartzatik herrigunerantz, eta eskuz esku pasatuz joan dira lekukoa adin txikiagoko ikaskideei, harik eta txikienak buru zirela euskararen aldeko uholde handi eta zaratatsua Herriko Plazara iritsi den arte.

Plazan, LH 4 mailako ikasleek pare bat bertso abestu dituzte, eta ondoren, Zetak taldearen Xiberutikan Mendebaldera abestiak girotuta, dantzan eta kantuan aritu dira.

Egun osoko festa

  • 14:50-15:40. 24. Korrikak Orio zeharkatuko du, Aginagatik etorri eta Zarautzera jarraitzeko.
  • 16:30. Txokolate beroa banatuko dute Herriko Plazan.
  • 17:00. Haurrentzat antzezlana, Herriko Plazan.
  • Ondoren. Triki-bertso poteoa egingo dute, Herriko Plazatik abiatuta, herriko bertsolari eta trikitilariekin, eta jaiari amaiera emateko Herriko Plazan jatekoa eta edatekoa banatuko dute herriko tabernarien eta Arkuperen laguntzarekin. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide