24. Korrikak egun osoko jaia ekarriko du bihar Oriora

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 24a

Korrika Txikia Orion. (IƱaki Agirresarobe)

Korrika Txikia egingo dute aurrena bi ikastetxeetako ikasleek, eta 14:50ean sartuko da Korrika herrian, Aginaga aldetik. Lekukoek Zarautzerako bidea hartu ondoren, festak herrian jarraituko du: izan ere, txokolate beroa, haurrentzako antzezlana eta triki-bertso poteoa antolatu dituzte AEK-k, udalak eta Arkupek. 

Hogeita lau ordu eskas falta dira 24. Korrikaren aldarriek Orio hartzeko. Korrikaren lekukoa bihar bazkalondoan sartuko da herrian, baina goizean hasiko dira herritarrak giroa berotzen, Korrika Txikiarekin. Bi ikastetxeetako ikasleek hondartzatik herrirantz egingo dute korrika 11:00etan hasita; DBHkoak hasiko dira han, eta bidean, gainerako mailetakoak gehitzen joango dira, adinaren arabera. 12:00etan amaituko da saioa Herriko Plazan, ekitaldi batekin. 

24. Korrika Aginaga aldetik iritsiko da herrira 14:50 aldera, eta ia ordubete geroago hartuko du Zarautzerako bidea, 15:40 aldera. 

Festak, ordea, herrian jarraituko du, AEK-k, udalak eta Arkupek honako ekintzak antoalatu baitituzte: 16:30ean txokolate beroa banatuko dute Herriko Plazan; 17:00etan haurrentzat antzezlanak egongo da; eta, hori amaitutakoan, triki-bertso poteoa egingo dute herriko bertsolari eta trikitilariekin, eta jaiari amaiera emateko Herriko Plazan jatekoa eta edatekoa banatuko dute herriko tabernarien eta Arkuperen laguntzarekin. 

Lekukoak

Hauek dira Korrikak herrian egingo dituen kilometroak eta lekukoa eramango dutenak, Mapil baserritik hasita:

  • 1795: Oria bizi + Guka (8. kilometroa)
  • 1796: Talai Mendi + Herrio (9. kilometroa)
  • 1797: EH Bildu + Sare (10. kilometroa)
  • 1798: Txurrumuski + Harribil (11. kilometroa)
  • 1799: Etxeluze + Pakak (12. kilometroa, Anibarko Portuko biribilgunea)
  • 1800: Danobat (12. kilometroa, Aita Lertxundi 6)
  • 1801: Zaragueta Herri Eskola + Orioko Herri Ikastola + Maria Maestra Haurreskola (Eusko Gudari, 19)
  • 1802: Orioko Herri Ikastolako langileak (Herriko Plaza)
  • 1803: EAJ (N-634 13. kilometroa)

Zirkulazioan eragina

Korrika Txikia dela-eta, 11:00etatik 12:00etara udaltzainak ibiliko dira herrigunean trafikoa bideratzen, sortu litezkeen gorabeherak kudeatzeko. Arratsaldean, berriz, Korrikaren ibilbidea eta herriko saneamendu-sisteman egiten ari diren lanen egutegia bateratzeko, hainbat doikuntza egingo dira: gaur, asteartea, aurreikusitako itxiera mantendu egingo da. Ondorioz, Abeslari kaleko lanak direla eta, herrigunetik irteteko Txanka-hondartza bidea erabili beharko da.

Bihar, berriz, Korrika igaro ondoren hasiko dituzte lanak, 16:00etan, eta lau orduz luzatuko dira, 20:00ak arte, gutxi gorabehera. Egun horretan ez da trafikoa itxiko, eta Eusko Gudari kaleko aparkalekuak libre mantenduko dira. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide