Maria Dolores Aranbarri azkoitiarra izan da aste honetako Dabilen harriari saioaren protagonista. Guka Telebistak atzo gauen, 22:00etan, bota zuen bigarren denboraldiko hirugarren atala, eta horretan, Ipintza auzoan igaro zuen haurtzaroaz eta ondorengoez jardun zuen Aranbarrik. Makina bat lan egindakoa da Aranbarri, irin fabrikan aurrena, Donostian dendetarako enkarguak egiten gero, oinetakoak egiten ere bai eta, nola ez, etxean. 92 urterekin, oraindik burua argi du azkoitiarrak, eta ederki berritu zituen garai bateko kontuak kameren aurrean.
Datozen asteetan ere, asteartero-asteartero, Dabilen harriari saioaren atal berriak ikusteko aukera izango dute herritarrek Guka Telebistan, 22:00etan. Asteazken arratsaldetik aurrera, berriz, Gukaren webguneetan ikusi ahal izango dira atal horiek.