Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta palestinar herriari babesa emateko lanuztera eta mobilizatzera deitu dute Euskal Herriko sindikatuek eta eragileek. Askotariko deialdiak egin dituzte han eta hemen, eta Orion eta Aian ere ari da izaten eragina protesta eguna.
Batetik, Orioko bi ikastetxeetan gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, langile gehienek bat egin dutelako grebarekin.
Bestetik, Orioko udal langileek ere bat egin dute deialdiarekin, eta udal zerbitzuak itxita egongo dira: udaletxea, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa. Udalak azaldu du kanpinean gutxieneko zerbitzuak izango direla martxan. Aiako udal bulegoko eta Kultur Etxeko langileek, berriz, palestinar herriari elkartasuna adieraziz, hiru orduko lan-uztea egingo dute. Horregatik, 12:00etatik 15:00etara itxita egongo dira udal bulegoak eta Kultur Etxea.
Azkenik, iluntzerako herriz herri elkarretaratze zaratatsuak deituak ditu Gernika-Palestina herri ekimenak, eta Orion ere bat egin dute deialdiarekin. 19:30ean izango da burrunba protesta Herriko Plazan, eta Orioko Udalak adierazi du bat egiten duela deialdi horrekin. Hala, herritarrei eskatu die elkarretaratzean parte har dezatela.
Eskualdeko herri gehienetan ere egingo dituzte protestak iluntzean, hala nola Azkoitian, Azpeitian, Zestoan, Zumaian, Getarian eta Zarautzen. Oraingoz, Aian ez dute deialdirik egin.