Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta palestinar herriari babesa emateko lanuztera eta mobilizatzera deitu dute Euskal Herriko sindikatuek eta eragileek biharko. Askotariko deialdiak egin dituzte han eta hemen, eta Orion eta Aian ere izango du eragina protesta egunak.
Gazako genozidioa salatzeko ez ezik, erakunde publikoei zein enpresei Israelekin dituzten harreman komertzialak etetea eskatzeko "lanuzte orokorra" deitu dute Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk –LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru–. Lanuzteak hiru txandatan antolatu dituzte: 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara zein 17:00etatik 20:00etara. Gainera, 12:30erako manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
ELAk bere kasa egin du mobilizaziorako deia, zortzi sindikatu horiek Espainian UGTk eta CCOOk egun eta ordu berberetarako antolatutako lanuzteekin bat egin dutelako. ELAren aburuz, Euskal Herriko sindikatuek mezu propioa helarazi behar dute. Ondorioz, lau orduko lanuztera deitu du ELAk, eta egun osorako hezkuntzan nahiz mendeko sektoreetan. 11:30ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo ditu protestak sindikatu horrek, eta eskualdez eskualde ere egin ditu deialdiak: Azpeitian plazan, 12:00etan egingo dute elkarretaratzea, baita Zarauzko Lege Zaharraren Enparantzan ere.
Aian eta Orion ere eragina
Gainera, Gernika-Palestina herri ekimenak 19:30erako jarri ditu hitzorduak herrietako plazetan, udaletxeen atarietan. Burrunbarako deia egin du eragile horrek, eta beraz, herritarrei zarata ateratzeko deia egin die. Herri ekimenarekin bat eginez, eskualdeko hainbat herritan egin dituzte deialdiak, hala nola Azkoitian, Azpeitian, Zestoan, Zumaian, Getarian, Orion eta Zarautzen. Oraingoz, Aian ez dute deialdirik egin.
Bestalde, Palestinarekin Elkartasunak Donostian deitu du mobilizazioa, eta protesta horretara batzeko deia egin dute hura osatzen duten plataformek. 18:00etan egingo dute protesta, Pio XII plazan, Israelen konplizeak seinalatu. Palestinaren alde, dena gelditu dezagun lelopean. Deitzaileek azaldu dutenez, Palestinaren erabateko deskolonizazioaren alde eta Israelgo entitate genozidaren kontra mobilizatuko dira, "kolonizazioaren kontrako borroka ez baita bukatu".
Herriz herri, hainbat dira sindikatuen lanuzte eta greba deialdiekin bat egin duten norbanakoak. Ondorioz, bihar hainbat lantegitan, zerbitzu publikotan –udal eraikinak, Osakidetzaren zentroetan, garraio publikoan eta abar– nahiz hezkuntza zentrotan geldialdiak egin nahiz gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.
Aiako udal bulegoko eta Kultur Etxeko langileek, palestinar herriari elkartasuna adieraziz, hiru orduko lan-uztea egingo dutela erabaki dute gaur. Horregatik, 12:00etatik 15:00etara itxita egongo dira udal bulegoak eta Kultur Etxea.
Orioko Kultur Etxea eta liburutegia ere itxita egongo dira bihar, horiek egun osoan.
Orioko Herri Ikastolan, berriz, gutxieneko zerbitzua egongo da, "langileen gehiengo zabal batek" bat egin duelako greba deialdiarekin. Hala, soilik ikasleen zaintza egingo dute, eraikin bakoitzean bizpahiru pertsonek. Jangelan ere hiru pertsona izango dira zaintza lanetan, baina otordurik ez dute emango, Ausolan enpresako langileek ere bat egin dutelako grebarekin. Goizeko zaintzarik eta eskola kirolik ere ez da egongo.
Zaragueta Herri Eskolan ere eragina izango du biharko greba egunak, baina bihar goizean jakingo dute han zenbat langilek egiten duen bat greba deialdiarekin.