Ibai Makazaga oriotarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra nagusitu ziren atzo V. Talai Mendi Trail lasterketan. Eguraldiak ateri eutsi zion, eta beraz, baldintza ederretan jokatu ahal izan zuten proba. Guztira, 253 lasterkari atera ziren Orioko plazoletatik, eta hamalau kilometroko ibilbidea osatu behar zuten berriro ere leku berera heltzeko.
01:00:32ko denboran heldu zen Makazagak helmugara, bere herriko lasterketa laugarren aldiz irabaziz. Jarraian heldu ziren Aimar Larrea antzuolarra (01:03:07) eta Josu Mendizabal aiarra (01:03:56), bigarren eta hirugarren postuak eskuratuz, hurrenez hurren. Nesketan, Agirrezabalagak 01:13:48ko denboran amaitu zuen lasterketa, eta bigarren eta hirugarren sailkatuak Laiane Arrospide tolosarra (01:16:55) eta Libana Taboada (01:17:15) oriotarra izan ziren, hurrenez hurren.
Antolatzaileek ibilbidearen puntu batean zintzilikatutako urdaiazpikoa Zarautzera joan da aurtengoan: Jorge Aramburuk hartu zuen, hain justu ere, eta beste hiru lagunekin batera helmugaratu zen, 1:45:55eko denboran. Azkena helmugaratzen Iker Aduriz zarauztarra izan zen (02:09:52). Garaikurra jaso zuen berak, VI. Talai Mendi Trailerako itzuli beharko duena.