Zimenduak kolokan

Garbiñe Oiarbide: "Etxebizitzen gaiaz parte hartze prozesua egingo dugu"

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 19a, 10:00

(Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalak erabaki du aurrerantzean etxebizitza turistikoak zuzkidurako etxebizitza gisa tratatzea, eta ondorioz, mugatu egin du horien zabalpena. Horri buruzko hainbat xehetasun eman dizkio hedabide honi Garbiñe Oiarbide Zarauzko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.

Urrian, Zarauzko Udalak erabaki zuen mugak jartzea etxe turistikoei.

Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra 2008. urtekoa da, eta ez dago berariaz araututa etxebizitza turistikoen figura. Orain arte, ulertu da etxebizitza erabilera zuela, bizitoki erabilera, alegia. Baina azken urte hauetako jurisprudentzia eta epaitegiek epaiak zer zentzutan eman dituzten ikusita, figura hori zuzkidurako erabileratzat hartu behar dela ulertu dugu. Hau da, hotel edo ostatu erabilerarekin lotuago dagoela etxebizitza erabilerarekin baino. Dena den, HAPOn ez dugu arau aldaketa egin, interpretazio aldaketa baizik.

Interpretazio aldaketa horren atzean ba al dago beste arrazoirik? Adibidez, herrian etxe gehiago egotea alokairurako...

Etxebizitza turistikoen gaiak bi alderdi ditu: batetik, argi dago Zarautzen jende askok bizi nahi duela, eskaera handia dagoela ohiko bizitokirako, eta eskaintza mugatua dela. Etxebizitza turistikoak mugatzeak eskaintza handitu dezake neurri batean, edo saihets dezake merkatu horretara ohiko etxebizitzak bideratzea. Beste alde batetik, bizilagunek izan ditzaketen eragozpenak daude. Horrelako kexak ere jaso izan ditugu, ez delako gauza bera ohiko bizilagun batek egiten duen bizitza eta oporretan dagoen batek egiten duena.

Praktikan, zertan nabarituko da aldea?

Hemendik aurrera askoz mugatuago egongo da non jar daitekeen etxebizitza turistiko bat eta non ez. Orain arte, etxebizitza turistiko bat jarri nahi zenean, HAPOn begiratzen genuen bizitoki erabilera non zegoen baimenduta; orain, aldiz, esaten dugu etxebizitza turistiko bat ez dela etxebizitza erabilerakoa, zuzkidura erabilerakoa baizik, hotel erabilerakoa, eta HAPOn begiratzen dugu non dagoen baimenduta zuzkidura erabilera hori. Ondorioz, orain leku gutxiagotan jar daiteke etxebizitza turistiko bat. Eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Turismo sailari egiten dio eskaera, Jaurlaritzak erregistro batean inskribatzen du eskatzailea, eta gero, udalari eskatzen dio txostena, jakiteko ea toki horretan etxebizitza turistiko bat jar daitekeen ala ez. Hortaz, orain guk irizpide berrien arabera egiten dugu txostena Jaurlaritzarentzat.

Lehen baino ezezko gehiago emango duzue orain...

Bai, zalantzarik gabe.

Eskatzaile berriei bakarrik eragingo die aldaketak, ezta?

Jaurlaritzaren Turismo sailak txostena eskatzen digunean, txosten hori bidaltzea da udalaren ardura; eta guk, oraingo irizpideekin erantzuten dugu. Beraien esku dago txosten hori eskatzea oraingo eskatzaile berriei, aurrekoei... Guk ez dugu hori kontuan hartzen.

Beraz, gerta daiteke orain arte etxebizitza turistikoa eduki duen norbaitek baimena galtzea.

Eusko Jaurlaritzak erabakitzen badu guri txostena eskatzea horien inguruan, bai. Baina hori jada ez dago gure esku. Izan ditugu bilerak maila politikoan eta maila teknikoan Turismo sailarekin, eta hasiera batean, atzera eraginkortasunez aritzea ez zuen egoki ikusten Turismo sailak, baina beraien esku dago hori. Guk argi daukaguna da, guri txostena eskatzen diguten momentuan, oraingo irizpideen barruan erantzun behar dugula.

Kexarik edo presiorik sentitu al duzue etxeak kudeatzen dituzten enpresa edo norbanakoen aldetik?

Irizpide aldaketarena publiko egin genuenean deiren bat jaso genuen harridura azalduz, baina esan genien ez zela araudi aldaketa izan, irizpide aldaketa baizik. Beraiei ere adierazi nien egingo dela parte hartze prozesu bat eta gonbidatuko ditugula, mahai gainean jartzeko beren ikuspuntua ere eta elkarren artean gaiaren ertz guztiak landu ahal izateko. Komunitateetako hainbat administratzaile ere jarri ziren gurekin harremanetan, eta guk beti esan izan diegu komunitate bakoitzak ere erabaki dezakeela bere mugak jartzea.

Gai honi lotuta, zein dira hurrengo pausoak?

Parte hartze eta hausnarketa partekatu prozesua ari gara prestatzen Aste Santuen ondorenetik San Pelaio jaien bitartean egiteko, iaz egin genuen etxebizitza azterketan atera ziren hainbat gairen inguruan. Horietako bat zen etxebizitza turistikoena, baina baziren beste batzuk: apartamentuena nahiz lokalak etxebizitza bihurtzeko bete beharreko kontuena, adibidez. Prozesu hori baliagarri izango zaigu udalean hainbat arau moldatzeko, eta beharra ikusten bada, arau berriak sortzeko edo plan orokorrean etxebizitzen gaiari zehazki heltzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide