Zimenduak kolokan

Muga berriak etxe turistikoei

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 19a, 10:00

Orioko hondartza, joan den udan, jendez lepo. Atzean, etxebizitzak hondartzako lehen lerroan. (Onintza Lete Arrieta)

Urola Kostan 346 etxebizitza turistiko daude; hau da, turismo egonaldietara bideratutako eskaintza osoaren %68,6. Udalak hasi dira neurriak hartzen, esaterako, Oriokoa eta Zarauzkoa.

Eusko Jaurlaritzaren turismo erregistroaren arabera, Urola Kostako 11 herriak kontuan hartuta, turistentzako egonaldietara bideratutako 504 eskaintza daude eskualdean, ostatuak, hotelak, kanpinak, aterpetxeak, logelak eta etxe turistikoak zenbatuta. Azken horiek, etxebizitza turistikoak, dira ugarienak, eskualdean 346 daudelako; hau da, eskaintza osoaren %68,6.

Datuak xehatzen jarraituta, eskualdeko etxebizitza turistiko guztietatik %86,7 (300 etxe) kostako lau herrietan daude, eta horietan, nabarmen, Zarautz da etxe gehien eskaintzen dituena: kosta osoko etxebizitza turistikoen %68,3. Eskualdea bere osotasunean hartuta ere, etxebizitza turistikoen erdiak baino gehiago daude Zarautzen: %59,2. Turismo eskaintza horren ia erdia, %42, azken urteetan erregistratu dute Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailean: 2023an 53 etxek eman zuten izena Zarautzen, eta iaz, 2024an, 34k. Herri horretan guztira 11.787 etxe daudela kontuan hartuta –horiek dira azken datuak, 2023koak–, parke osoaren %1,7 dira etxebizitza turistikoak Zarautzen.

Ehunekoei dagokienez, Oriok jarraitzen dio Zarautzi, han etxebizitza parke osoaren %1,29 direlako etxebiziza turistikoak. 39 etxe daude erregistratuta gaur egun Orion. Konparazio bat egiteko, etxebizitza turistikoak ez dira %1era iristen Getarian (%0,9) eta Zumaian (%0,88). Azpeitian, berriz, %0,2 dira. Aia da salbuespena: herri horretan etxebizitza turistikoak parke osoaren %1 dira, eta turismo egonaldietara bideratutako eskaintza bere osotasunean hartuta, berriz, eskualdeko portzentaje handiena du, %3,15 (Getariak eta Zarautzek jarraitzen diote, %2,5 eta %2,2, hurrenez hurren).

Zarautz eta Orio dira
proportzioan etxebizitza turistiko
gehien dituztenak

Etxebizitza turistikoetara itzulita, azken urteetako joerak kezka eragin du hainbat udaletan, eta neurriak eta mugak ezartzen hasiak dira horiek. Azken hilabeteetan, esaterako, hala egin dute Orion eta Zarautzen. Orioko Udalak hartu ditu neurri gogorrenak, eta hala jaso ditu joan den abenduan onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berrian: udalak ez du baimenduko etxebizitza turistiko gehiago, ezta turismoarekin lotutako bestelako ostaturik ere. Hartutako neurriak lurzoru urbano eta urbanizagarriari eragiten dio, hau da, herriguneari. Bizitegi erabilera izan dezaketen eraikin eta lokalak etxebizitza erabilerara bideratu beharko dira. Lokal tertziarioetan, berriz, merkataritza bultzatuko da, eta ez dira oheak dituzten jarduerak baimenduko (hau lehendik zegoen araututa).

Udalak helburu zehatzak ditu neurriok hartzeko, eta abiapuntua etxebizitzen inguruan egindako azken diagnostikoan dagoela kontatu du: "Udalak argi du herri jasangarri bat nahi duela, herritarrentzat bizigarria. Etxebizitzen inguruko diagnostikoan, etxebizitza turistikoen kopurua eta kokapena aztertzeaz gain, herriko turismo eskaintzaren ondorioak landu dira. Gaur egun 1.294 plaza turistiko daude herrian, eta 6.131 biztanle daude erroldatuta. Era berean, etxebizitza eskaera handia dago, emantzipazio adinean dauden 742 gazte oraindik gurasoen etxean bizi dira, eta 485 eskaera daude erregistratuta Etxebiden etxebizitza babestua lortzeko. Beraz, bizitegi erabilera izan dezaketen espazioak erabilera horretara bideratzea da helburua".

Bi herrietako udalek
hartu dituzte neurri mugatzaileak
azken hilabeteetan

Zarauzko Udalak, berriz, urrian erabaki zuen hemendik aurrera etxebizitza turistikoak ez interpretatzea bizitoki gisa, zuzkidura etxebizitza gisa baizik –HAPOn ez du aldaketarik egingo oraingoz–. Ondorioz, etxebizitza turistikoak ezartzeko aukera mugatuago egongo da: oro har, etxebizitza eraikinetako lehen solairuan ezarri ahalko dira, soilik 2008. urtekoa baino lehenengokoa bada eraikina edo, edozein solairutan, sarbide propioa badu, hau da, gainerako bizilagunek erabiltzen duten ezkaratzetik apartekoa badu. Alde Zaharrean, Zabalgunean eta Salberdinen ez dute baimenduko etxebizitza turistikorik. "Etxebizitza turistikoaren figura sortu zen nork bere etxeari etekina ateratzeko, baina praktikan, hotel erabilera mota bat bihurtu da, eta askotan enpresek kudeatzen dituzte partikularren etxebizitzak. Hortaz, aldatu beharra dago horren inguruko araudia", iritzi dio Garbiñe Oiarbide Zarauzko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.

Erakunde gehiagotan

Udaletan ez ezik, koska bat goragoko erakundeetan ere ari dira aldaketak egiten nahiz gaia lantzen eta aholkuak ematen. Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak, esaterako, joan den astean argitaratu zuen etxebizitza eta logela turistikoak arautzeari buruz egin duen lanketaren emaitza. Udalentzat gida bat egin du, eta lanketa horretan parte hartu du Zarauzko Udalak 2023an eta 2024an. «Euskal Autonomia Erkidegoan gaia zer egoeratan dagoen aztertu eta diagnostikoa egin du Eudelek, eta proposamenak egin ditu, zer erreminta eta aukera dauden azalduz, gaiak indarra hartu duelako», azaldu du Oiarbidek.

Espainiako Gobernuak, berriz, Jabetza Horizontalaren Legea aldatu du, eta apirilaren 4tik aurrera, etxe bat etxebizitza turistiko gisa alokatu ahal izateko, bizilagunen onarpena beharko da; zehazki, bostetik hirurena. Orioko Udalarentzat, esaterako, ona da lege aldaketa hori: "Lege honek erabaki ahalmen handiagoa ematen die auzo komunitateei, eta albiste ona iruditzen zaigu". Itxura du aurrerantzean ere neurri gehiago etorriko direla maila desberdinetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide