Azpeitiko Udalak etxe hutsei kanona jartzeko aukera iragarri izanak Etxebizitza Bulegoko langileen lan karga handitu egin du, baina hara ez ezik, herriko etxe agentzietara ere jo dute herritarrek, batzuek alokairurako etxe berririk ba ote duten galdezka, eta beste batzuek etxea alokairuan jartzeko asmoarekin. Hala ere, sekulako alderik ez dutela nabarmendu adierazi dute hiru etxe agentzitako arduradunek, eta hirurek uste dute oraindik goizegi dela kanonaren eragina antzemateko, alegia, hilabete batzuk beharko direla.
Pildain agentziara, esaterako, herritar dezente bertaratu ziren udalak iragarpena egin berritan, baina ia denak alokatzeko etxe bila zebiltzan herritarrak. "Udalak kanona ezarriko zuela esan ondorengo bi edo hiru egunetan jende dezente etorri zen inork etxerik alokairuan jarri zuen galdezka, baina artean goizegi zen ondoriorik antzemateko". Ez dute uste neurriak merkatu librean sekulako eraginik izango duenik, "orain ez, baina ezta gero ere". Hala ere, aitortu dute udalak neurria iragarri zuenetik etxeren bat edo beste atera dela alokairura. "Herrian ez dago alokairurako etxebizitzarik batere; beraz, etxe bat edo bi merkatura ateratzea mugimendutzat jo daiteke. Hori horrela izanda, merkatua zertxobait mugitu dela esan genezake, baina gutxi. Etxeren bat edo beste atera dute alokairura, eta besteren bat saltzera ere bai. Dena dela, ez dakigu kanonaren kontuagatik izan den ala ez". Alokairuan jarri dituzten etxe horiek merkatura atera orduko alokatu dituzte.
Egurtza etxe agentzian ere mugimendu pixka bat antzeman dute, baina ez sekulakorik. "Etxe bila dabiltzanak beti etortzen dira galdezka, baina udalak kanonaren kontua iragarri zuenetik etxe hutsak dituzten batzuk ere etorri dira, ez gehiegi, baina batzuk bai, eta bakarren batek edo bestek jarri dute etxea alokairuan ere". Nola ez, alokairuan jarri orduko alokatu dituzte etxe horiek, luzea baita herriko etxe agentzietan duten itxaron zerrenda. Egurtza etxe agentziakoek espero dute kanonak eragina izango duela merkatuan, ez dakitena da zenbatekoa. "Ez dugu espero alokairuko etxeen merkatua irauliko duenik, baina mugimendu pixka bat eragitea espero dugu".
Amube etxe agentziakoen ustetan, berriz, kanonaren eragina antzemateko goizegi da oraindik. "Zenbat denbora pasatu da udalak neurria iragarri zuenetik, hilabete eta erdi? Horren ondorioak, antzematekotan, hilabete batzuk barru antzemango dira". Etxebizitza bat hutsik duen herritarrak hura merkaturatzeko erabakia egun batetik bestera ez duela hartzen nabarmendu dute Amubekoek. "Erabaki horiek hartzeak denbora gehiago eskaten du: etxean hitz egin, zer bidetatik alokatu nahi duten aztertu, han eta hemen galdetu... prozesu motelagoak izaten dira normalean". Amubek alokairuko etxebizitza ugari kudeatzen ditu, "hilean bat edo bi bai", baina gehien-gehienak lehendik ere merkatuan dauden etxebizitzak izaten direla nabarmendu dute. "Udalak kanonaren kontua iragarri zuenetik, etxebizitza huts bat duen herritar bakarra etorri zaigu kontsulta egitera. Nolako etxebizitza duen azaldu eta gero, zenbateko errenta eskatuko lukeen galdetu zigun; guk kopurua eman genion, eta apirilean erabakiko zuela erantzun zigun". Alokairuan hartzeko etxe bila dabiltzanen sartu-irtena, ostera, ohikoa dute bulegoan. "Egunero etortzen zaizkigu bat edo bi".