Hauteskunde eguna izan zen atzo Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeetako 450 milioi herritar ingururentzat, eta alderdiek herritarrei eskatu zieten arren bozka zezatela Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, parte hartzea 2019an baino dezentez apalagoa izan zen Aian eta Orion –2019an udal eta foru hauteskundeekin batera egin ziren Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak eta horregatik ere izan liteke parte hartzea altuagoa orduan–. Aian 19,69 puntu jaitsi zen parte hartzea atzo 2019koarekin alderatuta, eta Orion 17,69 puntu.
Bi herrietan EH Bilduk jaso zuen boto gehien atzokoan –Urola Kostako 11 herrietan koalizio hori izan da garailea–. Orion alde nabarmenarekin irabazi zion EAJri botoen %48,43 eskuratuta (1.061 boto); bigarren indarra izan zen EAJk botoen %28,3 eskuratu zituen, 620 boto guztira. Bi alderdiek 2019an baino boto gutxiago jaso zuten atzo: EH Bilduk 77 boto gutxiago, eta EAJk sekulako jaitsiera, 647 boto galdu baitzituen atzo.
PSE-EE, PP eta Vox izan ziren botoak irabazi dituzten alderdi bakarrak, kopuruak txikiak izan arren azken bientzat: PSE-EEk 314 jaso zituen (2019an 267), PPk 65 (2019an 59) eta Voxek 19 (2019an 9).
Aian boto bakarreko aldea
Orion ez bezala, Aian oso estua izan zen atzo hauteskunde gaua, EH Bildu boto bakarraren aldeagatik gailendu baitzitzaion EAJri. 254 boto eskuratu zituen batek, eta 253, besteak.
EAJk 248 boto galdu zituen atzo 2019ko hauteskundeekin alderatuta; orduan 501 boto lortu zituen, boto guztien %50,20 (orain botoen %40,35). EH Bilduk ere jaitsiera izan zuen atzo, 379 boto lortu baitzituen 2019an. Portzentaian, ordea, gora egin du EH Bilduk, botoen %37,98 jasotzetik %40,51 jasotzera.
PSE-EEk emaitza hobetu zuen atzo Aian ere, 22 boto irabazita; guztira 46 jaso zituen.