Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024

Arratsaldeko datuen arabera, 2019ko hauteskundeekin alderatuta nabarmen jaitsi da parte hartzea Aian eta Orion

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 9a, 18:29

Herritar bat botoa ematen gaur eguerdian ikastolan. (Onintza Lete Arrieta)

Aian %33,73k eman dute botoa 18:00etarako eta 19,69 puntu jaitsi da. Orion %38,11k eman dute botoa, eta 17,69 puntutan jaitsi da parte hartzea. Gipuzkoan %40,06k eman dute botoa, eta 2019tik 13 puntu jaitsi da.

Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen arratsaldeko parte hartze datuak ere eman ditu Espainiako Barne Ministerioak. 18:00etako datuen arabera, Aian %33,73k eman dute botoa –531 herritarrek– eta 19,69 puntu jaitsi da parte hartzea 2019ko hauteskundeekiko. Orion %38,11k eman dute botoa –1.748 herritarrek–, eta 17,69 puntutan jaitsi da parte hartzea han ere. Gipuzkoan handiagoa ari da izaten datua; %40,06k eman dute botoa, nahiz eta lurraldean ere 2019tik 13 puntu jaitsi den parte hartzea. 

Eguerdiko datuei dagokienez, 1.265 herritarrek eman dute boza Orion. Hautesle erroldaren %27,58k, alegia. 2019an, %41,37koa izan zen lehen orduetako parte hartzea Orion. Beraz, 13,79 puntu jaitsi da duela lau urteko hitzorduarekiko.

Joera errepikatu egin da Aian ere. 410 herritarrek bozkatu dute 12:00ak arte, hautesle erroldaren %26,04ak. 2019an, %39,37koa izan zen lehen datua. Hortaz, Aian ere, 13,42 puntu jaitsi da datua.

Dena den, kontuan izan behar da 2019an udal eta foru hauteskundeekin batera egin zirela Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak.

Hauteslekuak 20:00etan itxiko dituzte, eta emaitzak 23:30erako egotea espero da. Horien berri emango du Orio Gukak ere infografia bidez, eta bihar goizean emaitzen albistea argitaratuko du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide