Ekainak 9 ditu gaur, eta Europako Legebiltzarrerako hauteskunde eguna da. Ohi bezala, Aian eskolan jarri dute hauteslekua, eta Orion, berriz, udaletxean, ikastolan eta kultur etxean. 09:00etan zabaldu dituzte ateak, eta 20:00 arte egongo da botoa emateko aukera. Alderdiek astean zehar herritarrei eskatu diete gaur joan daitezela botoa ematera, eta herritarrak ari dira alderdien eskaerari erantzuten; goizeko lehen orduetan, behintzat, mugimendua nabari da bi herrietan. Eguerdi aldera jakingo da zenbatekoa izaten ari den parte hartzea.
1.562 aiar eta 4.551 oriotar daude botoa ematera deituta, eta emaitzak 23:30 aldera jakitea espero da. Egunaren jarraipena egingo du Gukak: hain justu, parte hartze datuak emango ditu, eta gauean zenbaketa datuen infografiak ikusgai izango dira webgune guztietan. Hauteskundeen inguruko albiste landuagoak bihar argitaratuko ditu webguneetan.
Hautagaitzak eta eurodiputatuak
720 eurodiputatuk osatuko dute Europako Parlamentua; aurreko legegintzaldian baino hamabost gehiagok, eta Euskal Herriko herritarrek Espainiako Estatuko 61 eurodiputatuen eta Frantziako Estatuko 81 diputatuen artean izango dituzte ordezkariak.
Hautagaitzei dagokienez, Espainiako Estatuan 33 izango dira. Esaterako, EH Bildu Orain Errepublikak koalizioan aurkeztu da hauteskundeetara, ERC, BNG eta AraMes taldeekin batera. EAJk, bere aldetik, zerrenda bat osatu du Coalicion Canariarekin batera, Coalicion por una Europa Solidaria (CEUS) izena daramana. Espainiako Estatu mailako alderdiak ere izango dira, hala nola PP, PSOE, Podemos eta Sumar.
Guztira, Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeetako 450 milioi herritar inguru daude bozkatzera deituta. Hautesle erroldaren arabera, Urola Kosta eskualdean 58.315 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea. Aian 1.562 herritar daude bozkatzera deituta, 566 Aizarnazabalen, 8.499 Azkoitian, 11.375 Azpeitian, 110 Beizaman, 447 Errezilen, 2.150 Getarian, 4.551 Orion, 18.436 Zarautzen, 2.780 Zestoan eta 7.839 Zumaian.