Saretzen

Zerbitzu galeren eta murrizketen aurrean, protestak eta ahalduntzeak

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 22a, 14:00

Herritar bat, atzo, banketxe bateko kutxazainean eragiketa egiten Orion. (Onintza Lete Arrieta)

Banketxeek aurrez aurreko zerbitzua murriztu dute azken urteetan, eta protestak eragin ditu horrek, batez ere pentsiodunenak; eskari zehatzak egin izan dituzte horiek.

Aurreko urteetan makina bat protesta egin dituzte eskualdeko herrietan banketxeetako zerbitzu murrizketak salatzeko, eta batez ere pentsiodunen mugimenduak izan dira salaketa publikoki egin eta protestak kalera atera dituztenak, nagusiki azken hiruzpalau urteetan.

Rita Zabala Zestoako pentsiodunen mugimenduko kidea da, eta gogora ekarri du nola egin izan dituzten protestak herrian, baita sinadura bilketa ere, zerbitzu hobea aldarrikatzeko. "Zestoan banketxe bakarra dago, Kutxa, –beste bi kutxazain badaude– baina egun zehatzak ditu bezeroekin harreman zuzenak edukitzeko. 2022an, esaterako, gogoan dut pare bat egunetan eta pare bat orduz ematen zuela zerbitzua, oso gutxi". Horregatik, urte hartan, herrian deialdia egin, eta protesta "jendetsua" gauzatu zuten. Sinadura bilketa ere egin zuten, eta Kutxabanken bertan entregatu zituzten sinadurak. "Gerora zerbitzua pixka bat hobetu zuten, bezeroentzako ordutegia beste ordubetez eskainiz", azaldu du. 

Zestoarrak kontatutakoa azken urteetako mobilizazioen adibide bat baino ez da. Hona hemen beste zenbait protesten adibideak: 

2020, udalak ere, kexu

 

Salaketak eta eskaerak batez ere pentsiodunek egin izan dituzten arren, ez dira eragile bakarrak izan. Aiako Udalak, esaterako, 2020an irmo kritikatu zuen Kutxabank banketxeak hartutako erabakia. Izan ere, banketxe horrek Aiako Udalari jakinarazi zion Kutxabanken Aiako bulegoak bezeroarentzako arreta zerbitzua itxi zuela. Horren aurrean, Aiako orduko alkate Nekane Arrizabalagak adierazpen instituzionala zabaldu zuen herritarren artean, Aiako Udala erabakiarekin ez zegoela ados azalduz. "Orain arte izan dugun zerbitzua berreskuratzea zaila ikusten dugun arren, Aiako Udalak baliabide guztiak jarri ditu martxan egoera honi aurre egiteko", esan zuen.

Gaur-gaurkoz, ordea, zerbitzu hori gabe jarraitzen dute herritarrek, eta soilik kutxazaina dute eskura herrian.

2021, eskaera zehatzak

021eko apirilean, berriz, pentsiodunek banketxe eta aurrezki kutxen aurrean egin zituzten elkarretaratzeak Getarian, Zarautzen eta Zumaian. ·COVID-19aren aurkako neurriak aitzakiatzat baliatu dituzte bulego kopurua, langileena eta jendeari zerbitzua emateko ordutegiak  nabarmen murrizteko. Udalerri txiki askotan zerbitzua astean bi egunera murriztu dute edo, besterik gabe, sukurtsala betiko itxi dute", salatu zuten. Eta hitz gordinak erabili zituzten banketxeen kontra: "Irekita geratzen diren bulegoetako ilarak lotsa sentitzeko modukoak dira. Ez diete erreparatzen espaloietan zutik eguraldi txarraren eraginpean dauden adineko pertsonei, eta denbora luzez itxaron behar izaten dute eskudirua izateko". 

Adinekoei diruaren kudeaketa "korapilatu" egiten zaiela salatu zuten, "ordutegi zorrotzak" daudelako. "Kutxazain automatikoetara bideratzen gaituzte, eta horien erabilera batzuentzat zaila eta arriskutsua da. Edo, are axolagabetasun handiagoarekin, zerbitzu telematikoa eskaintzen zaigu, gehienentzat ezinezkoa dela jakinda".

Horregatik, pentsiodunek eskaera zehatzak egin zituzten: batetik, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan nahiz Nafarroan "banku publikoa" garatzea. "Kutxabankek kutxa zaharren izaera publikoa eta soziala berreskuratu behar du". Banketxeen zerbitzuak hobetzeko eskariak ere egin zituzten, besteak beste erakundearen sukurtsal bakoitzean leihatila esklusibo bat irekitzea 65 urtetik gorakoentzat, eta zerbitzu presentziala bermatzea. Gainera, "Euskal Herriko udal guztiei" eskatu zieten gainerako banku eta aurrezki erakundeetara ere jo zezatela, "horiek jardunbide egokiak berreskura ditzaten".

2022, mozioak

Azpeitian ere egin izan dituzte protestak. 2022ko irailean, esaterako, asteroko elkarretaratzea Kutxabanken egoitzaren aurreko plazatxoan egin zuten, banketxeek azkenaldian hartutako neurriak salatzeko. Hainbat eskaera egin zituzten orduan pentsiodunek: komisioak murrizteko eta merkatzeko; sukurtsal, kutxazain, zerbitzu eta langile gehiago ezartzeko; herritarrei arreta hobea emateko, eta banku publikoa sustatzeko.

Azpeitiko pentsiodunek azaldu zuten Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak txosten bat prestatu zuela, "bankuen praktika txarren inguruan". Zehazki, "zerbitzu publiko gisa herritarrei, eta bereziki, adinekoei eta pentsiodunei eman behar dieten arretari eragiten dioten bankuen jardunbide txarrak ezabatzeari buruz" zen idatzia.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 187 udaletan aurkeztu zuen mozioa, eta horietako 121 udaletan onartu zuten txostena. Zortzitan, beste mozio batzuk onartu zituzten, udal talde guztien adostasunarekin. "Egia da gure salaketak hasi zirenetik zenbait arazo zuzendu direla, baina, hala ere, zerbitzuak ez dira behar bezala ematen oraindik, bai jardunbide txarrengatik, bai zerbitzua ematean izandako murrizketen iraupenagatik. Gaia hobetu egin da zenbait alderditan: ordutegiak, aurrez aurreko arreta eta abar. Baina beste kontu batzuek berdin jarraitzen dute, eta oraindik ere urruti dabiltza pandemiaren aurreko egoeratik: ez zaie erantzun hirietako landa eremuei eta hiriburuko auzo periferikoei, komisioak kobratzeari, kutxazain automatikoak ixteari edo zerbitzu eskasiari...", adierazi zuten orduan pentsiodunek.

Horregatik, lanean jarraitzeko konpromisoa agertu zuten, "eskaerak erakunde guztiek aintzat har ditzaten eta erreklamazio horiek publiko egiteko gauzatzen ari diren ekintzen informazioa jaso dezaten".

Era berean, urtebete lehenago egin bezala, kreditua eta aurrezkia sozializatzeko tresna gisa banku publiko bat garatzeko beharra azpimarratu zuten, "Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako finantza sistemaren erreferente gisa".

2023, ahalduntzeak

Protestez gain, pentsiodunek bestelako ekintzak ere egin izan dituzte azken urteetan. Azpeitiko Baigerak, esaterako, kutxazainak erabiltzen ikasteko hiru orduko saioa antolatu zuen iazko urrian, eta Azkoitia Lagunkoia egitasmokoek ere antolatu izan dituzte banketxeetako digitalizazioari buruzko hitzaldiak adinekoentzat. 

Orioko Saregile emakumeen etxeak, berriz, 45 urtetik gorako emakumeentzat antolatu zuen ikastaroa iazko udazkenean, "teknologia berriei beldurra galtzeko".

Protestak protesta eta ahalduntzeak ahalduntze, ikusteko dago hurrengo urteetan murrizketa eta aldaketa gehiago izango diren ala ez, eta hala bada, gizarteak nola erantzungo dion errealitate berriari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide