Saretzen

Hamabost urtean eskualdeko hiru banku bulegotatik bat itxi dute

Aitziber Arzallus 2024ko mar. 22a, 13:00

Azpeitiko banku bulego bat. (Aitziber Arzallus)

2008an 58 sukurtsal zeuden Urola Kostan, eta 37 zeuden iaz; 21 gutxiago, beraz. Bulegoak zeuden herri guztietan itxi dute bakarren bat, eta Aian zegoen bakarra itxi dute.

Bizitza izugarri garestitu da azken urteotan, eta ia denak prezioa du, alegia, sosik gastatu gabe apenas dagoela ezer egiterik. Baina zer diren gauzak, hanka bat kalean jartzerako diru zorroa patrikatik atera beharra dagoen garaiotan, herritarren aurrezki apurrak gordetzeaz eta kudeatzeaz arduratzen diren finantza erakundeek sekula baino presentzia txikiagoa dute kalean. Izan ere, bankuek bulegoak ixtera jo dute azken urteotan; hori da joera. Datu bat: hamabost urtean eskualdean zeuden sukurtsalen herena itxi dute, hiru bulegotatik bat, hain justu.

Espainiako Bankuak emandako datuen arabera, 2008an 58 banku bulego zeuden Urola Kostan, eta iaz 37 zeuden; 21 bulego gutxiago, beraz. 2008ko finantza krisiaren ondotik hasi ziren sukurtsalak ixten. Hasieran, poliki; 2015ean zazpi urte lehenago baino bi bulego gutxiago besterik ez zeuden eskualdean. Hurrengo lau urteetan, itxieren abiadura bizkortu egin zuten; 2019an bost bulego gutxiago zeuden 2015ean baino. Hala ere, 2019az geroztik itxi dituzte bulego gehien, alde handiz. 2019an 51 sukurtsal zeuden eskualdean, eta 21 gutxiago zeuden iaz; 37, hain zuzen.

Herriz herriko datuei begiratu bat emanda, ez dago salbuespenik. Bulegoak zeuden herri guztietan itxi dute bakarren bat, bulegorik ez zen herriek hala jarraitzen dute oraindik, eta Aian, zegoen bulego bakarra itxi eta zerbitzu hori gabe utzi dituzte herritarrak.

Espainiako Bankuaren arabera, 2008an Zarautz zen banku bulego gehien zeuden eskualdeko herria, hamazazpi zehazki, eta Zarautz izan da bulegoen kopuruan gehien murriztu den herria ere. Bederatzi bulego dituzte egun, duela hamabost urte baino zortzi gutxiago. Azpeitian, berriz, hamalau bulego zeuden 2008an, eta hamar daude orain; lau gutxiago, hortaz. Zumaian, zortzi sukurtsal izatetik bost izatera igaro dira hamabost urtean; Azkoitian, zortzitik seira murriztu da bulegoen kopurua; eta Zestoan, hirutik bakarra izatera.

Zerbitzuan murrizketak

Zabalik jarraitzen duten bulegoetan ere aldaketak izan dituzte urteotan, eta kasu gehienetan, aldaketa horiek zerbitzuen murrizketaren bidetik etorri dira. Atean jarri arren astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara, bitartean bulegoa zabalik izaten dela, une oro ez dituzte zerbitzu guztiak eskaintzen. Esate baterako, kutxa zerbitzua 11:00ak edo 12:00ak arte mugatzen dute erakunde gehienek, banku horretako bezero ez diren herritarrentzako ordutegia are gehiago mugatzen dute beste batzuek, 65 urtetik gorako bezeroei kutxa ordutegi zabalagoa eskaintzen diete beste batzuek...

Gaur egun, herritarrek kutxazain automatikoen bidez egin ditzakete oinarrizko eragiketa asko, eta bulego batera joanda egin daitezkeen finantza eragiketen %80tik gora online egiteko modua eskaintzen dute erakundeek. Gazteek ohitura horiek barneratu dituztela eta bulegoetara ahalik eta gutxien joaten direla adierazi dute Kutxabanken eta Laboral Kutxaren arduradunek, baina, hala ere, biek ziurtatu dute ahalik eta herri gehienetan bulegoak izaten jarraituko dutela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide