'Gure Gaskuña' uretatik ateratzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak

Intza Trula

'Gure Gaskuña' ontzia, Txurrukako kaiaren ondoan. (Onintza Lete Arrieta)

Ontzia mugiarazteko lanek 45 egun iraungo dute, baina oraindik ez dute jakinarazi noiz abiaraziko duten prozesua. Gure Gaskuña irailaren 24an hondoratu zen, konponketa lanetan ari zirela ontziak su hartu ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Portu, Itsas Gai eta Itsasertzeko Zuzendaritzak Gure Gaskuña ontzia mugiarazteko, zuzentzeko eta berriz flotarazteko baimena eman du. Txurrukako kaiaren ondoan hondoratuta dago ontzia irailaren 24tik, hura konpontzen ari zirela piztutako sutearen ondorioz.

Istripua gertatu eta hilabete baino gehiago pasatu ondoren, ontziaren 17.000 litro erregai ateratzeko lanak egin zituzten. Horrela, beste pauso bat emango dute orain, ontzia mugiaraziz. Ordea, lanak ez dira azkarrak izango: Jaurlaritzak ohartarazi duenez, 45 egun inguruko iraupena izango dute. Dena den, ez du jakinarazi lan horiek zein egunetan abiaraziko dituzte. Hain justu, prozesuaren hasiera data operazioaren alderdi teknikoak zehaztean emango du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide