Gure Gaskuña arraste-ontziak irailaren 24an hartu zuen su barran, Txurrukan, errio bazterrean amarratuta konponketa lanak egiten ari zitzaizkienean. Sua itzaltzeko lanetan ari zirela, erdi hondoratu egin zen. Ontziaren erregai biltegiek 17.000 litro gasolio dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak hesia jarri zuen ontziaren inguruan, itsasoko kutsadura alerta aktibatu ondoren. Bada, hilabete baino gehiago pasatu ondoren hasi dira erregaia ateratzeko lanetan; ostiralean hasi ziren beharrean armadoreak kontratatutako langileak. Gaur lan horrekin jarraitzen dute. Izan ere, hainbat egun beharko dituzte erregai guztia handik ateratzeko.
EITBren arabera, behin erregaia ateratakoan, armadoreak ontzia handik kentzeko plan bat aurkeztu beharko dio Eusko Jaurlaritzari. Guka saiatu da informazio gehiago eskuratzen, baina langileek azaldu dute ezin dutela adierazpenik egin.
Angulero elkartearen salaketa
Euskadiko Angulero Elkarteak, berriz, prentsa oharra kaleratu du, gogor kritikatuz ontziaren inguruan hartutako neurriak edo neurri ezak. Elkartearen ustez "berandu" ari dira gasolioa ateratzen, eta "zalantza" egin du "irizpide teknikoari erantzuten dion edo presio politikoari".
Elkarteak nabarmendu duenez, kutsaduraren aurka jarritako hesiak "ez du eragotzi estuarioa kutsatzea, ezta egoera okertzea ere".
Elkartearen esanetan, kutsadura jada gertatu da, eta "larria" izan da: "Sutearen egunean, ibaia erabat estalita geratu zen olioz eta gasolioz. Ez zen mehatxu potentzial bat izan: uraren gainazal osoan ikus zitekeen kutsadura erreala izan zen. Hilabete bat geroago, hesiak jarrita egonda, egoera are okerragoa da. Hesiek ez dute isuria edukitu ezta estuarioa babestu ere; erregaiaren zati bat atxiki dute, gainerakoa barreiatzen zen bitartean", salatu du.
Elkarteak gogoratu du angula ekoizpen eremua dela ontzia dagoen tokia, baita sektorearen lan eremua eta balio ekologiko handiko gunea den estuarioa ere. "Isuri gehiagok ondorio atzeraezinak izango lituzke Orian angularen errekrutatzean, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzak nazioarteko erreferentzia gisa erabiltzen duen serie zientifikoan", esan du. "Oria ez da portua soilik. Estuario bizia da, erreferentziazko serie zientifikoa eta angila europarra berreskuratzeko urteak daramatzan sektore baten bizibidea". Horregatik, Gure Gaskuñarekin gertatutakoa "ezin da errepikatu", eta "ezin dira konponbide gisa aurkeztu ezer babestu ez zuten hesiak".
Gasolioa ateratzeko lanak hilabetera egitearen arrazoiez, berriz, zalantzak ditu angulero elkarteak, ea baldintza teknikoengatik izan den, ala bestelako presioengatik: "Ez dakigu egutegia kroskoaren bilakaera teknikoak markatu duen ala presio sozial eta politikoak. Dakiguna zera da: emaitza ibaia erregaiarekin estalita geratu eta hilabete batera iritsi dela, eta, bitartean, hesiek ez dutela eraginkortasunik frogatu. Ateratzea lehenago teknikoki posible bazen, onartezinak diren atzerapen batzuekin jardun zen; posible ez bazen, norbaitek azaldu behar du zergatik orain bai eta lehenago ez, eta zer aldatu den. Gardentasun teknikoa da presiopean jardun izanaren susmoa uxatzeko bide bakarra".
Eskaerak agintariei
Elkarteak azaldu du ontzia 2008an eraikia dela eta 39 metroko luzera duela, egiturazko kalteak eta korrosioa dituela, eta horregatik aurreikusten dutela ontzia desegin egingo dutela, "baina inork ez ditu zehaztu epeak, metodoa ezta azken arduraduna ere".
Eta eskaera argia egin dute: "Ontziaren erabateko erretiratze-data ziurra, hondoaren eta ur-zutabearen garbiketa eraginkorra eta Oria hondakin kutsatzaileetatik libre geratuko dela bermatzea eskatzen dugu".
Baina ez da hori beren eskaera bakarra: ontzia berehala erretiratzea eskatzen dute, egutegi loteslea eta arduradun identifikatua izanda; txosten tekniko publikoa ateratzea egutegia azalduz: zein irizpide teknikok baldintzatzen zuten, zer aldatu den eta zergatik ez zen lehenago jardun; txosten publiko eta premiazkoa istripu eremuko uraren eta sedimentuaren analitikei buruz, irailaren 24tik gaur egunera arte, sutearen eguneko emaitzak barne; azalpen instituzionala erregaiak zergatik eman zuen hilabete bat krosko ezegonkor batean, zergatik ez duten hesiek funtzionatu eta zergatik ez duten 112ko salaketek erantzun azkarragorik eragin; estuarioari eta angularen errekrutatzeari eragindako kalte errealaren ebaluazioa, sektorearen parte hartzearekin ingurumen jarraipenean, ontzia erretiratu bitartean eta ondoren; eta erantzukizunen argiketa eragindako kutsaduragatik eta hartutako edukitze neurrien eraginkortasunik ezagatik.