Ondarroako (Bizkaia) Gure Gascuña arrasteontziak su hartu du gaur goizean Orion, barran, Txurrukako zabalgunearen parean. Han zeramatzan egun batzuk porturatuta, konponketa lanak egiteko, eta hain zuzen, lanean ari zirenean piztu da sua itsasontzi barruan.
11:30ean deitu dute ontzitik larrialdi zerbitzuetara, eta suhiltzaileak, ertzainak, udaltzainak eta anbulantziak bertaratu dira. Han bertan hiru lagun artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik, eta haietatik bi Donostia Ospitalera eraman dituzte. Lehorretik nahiz uretatik aritu dira sua itzali nahian, baina 12:30ean, artean sugarrak ikus zitezkeen.
Kea herriko toki askotan nabaritu da, ipar haizeak barreiatu egin duelako, eta herriguneko zenbait tokitan usaina gogor nabaritu da. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak Aiako zein Orioko leiho guztiak ixtea gomendatu du, prebentzio moduan.