Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Bereziaren alerta fasea ezarri du Eusko Jaurlaritzak Orion, atzo eguerdiko barrako sutearen ondorioz. Gure Gascuña arraste-ontzian sua piztu zen, eta egun osoan aritu ziren hura itzali nahian. Arratsaldean, ontzia erdi hondoratu egin zen, eta uste dute erregai ihesa izan dezakeela.
Ontzia dagoen eremuan euste hesiak jarri dituzte, ihesik gertatuz gero erregaia uretan zabal ez dadin, eta suhiltzaile talde batek sutea itzaltzeko lanetan jarraitzen zuen atzo iluntzean. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea gau osoan egon da ur lamina zaintzen, itsasoa kutsatu ote den antzemateko.
Atzo bertan, larrialdi zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak leihoak ixteko eskatu zieten Orioko eta Aiako herritarrei, kea herrigunera zabaldu baitzen, "keak eragin ditzakeen kalteak saihesteko". Aire zabaleko kirola eta hondartza zein errio inguruko jarduerak saihestea ere gomendatu zuten.
