Berriro bizitu da sua Orioko barran dagoen Gure Gascuña arraste-ontzian. Goizean hartu du su Txurrukako zabalgunearen parean dagoen Ondarroako (Bizkaia) itsasontzi horrek, baina duela minutu gutxi berriro hasi da kea isurtzen. Hori dela eta, udaltzaingoak hainbat segurtasun neurri hartu ditu, eta, besteak beste, barrarako pasadizoa eta hondartzarako sarbidea itxi ditu.
Gure Gascuña arraste-ontziak egunak zeramatzan Orioko barran porturatuta, konponketa lanak egiteko, eta hain zuzen, lanean ari zirela piztu da sua itsasontzi barruan, 11:30 inguruan. Suhiltzaileak lehorretik eta uretatik aritu dira sua itzaltzeko lanetan, eta 13:30 ingururako lortu dute itsasontziko sutea kontrolatzea. Hala eta guztiz ere, arratsaldean berriro indartu da sua, eta arraste-ontzia kea isurtzen hasi da berriro.
Goizean, sua piztean, hiru lagun artatu behar izan dituzte itsasontzian kea arnasteagatik, eta haietatik bi Donostia Ospitalera eraman dituzte.
Orioko Udalaren oharra eta neurriak
Orioko Udalak ere kaleratu du oharra, azalduz goizean hondartzaldean izandako sutea espero baino gehiago luzatzen ari dela, "sutea dagoen lekura iristeko zailtasunak direla eta". Horren ondorioz, herrian aurreikusitakoa baino ke gehiago ari dela pilatzen azaldu du, eta gainera, sua itzaltzeko erabiltzen ari diren likidoak eta suteak sortutako hondakinak erriora iristen ari direla jakinarazi du. "Une honetan egindako neurketen parametroak ez dira larriak, baina larrialdi zerbitzuek gomendatu dute aire libreko kirola eta hondartza zein errio inguruko jarduerak saihestea".
Haizearen norabideagatik, keak ez du hondartza eremuan eragin nabarmenik izan eta, horregatik, hondartza zabalik mantendu da. Hala ere, haizearen norabidea alda daitekeenez, prebentzio neurri gisa hondartza eremua itxi egingo dela azaldu du.
(Azken eguneraketa: 2026-09-25, 07:40)