Albistegia

Hegaluzea, Parrilla Festaren atariko protagonista gozoa

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza

Asteazken iluntzean sukaldaritza tailerra egin zuten hainbat oriotarrek Aldapa elkarte gastronomikoan, hegaluzea hiru modu desberdinetan prestatuz. Bapo afaldu zuten gero. Parrilla Festaren atariko azken ekintza izan zen. Gaurtik igandera herria bete-betean murgilduko da festa gastronomiko horretan. 

Lurrin gozoa utzi zuen Parrilla Festaren barruko sukaldaritza tailerrak Orioko Aldapa elkartean asteazken iluntzean. Adin tarte zabaleko dozena bat lagunetik gora elkartu zen baxurako arrantzako produktuen errezetak ikasteko gogoz, eta adi-adi jarraitu zituzten Amaia Etxebeste Itsas-Etxea kofradiako kidearen azalpenak.

Hark hegaluzea aukeratu zuen, "sasoiko eta bertako arraina" delako, hiru errezeta oso desberdin egiteko eta arrain hori hainbat modutara presta daitekeela erakusteko. Aurrena, eskabetxean egin zuten; ondoren, tartarra –arraina gordinik jateko–; eta azkenik, tipularekin eta sagarrarekin plantxan. Eskabetxean ontziratutakoa dastatzeko itxaron egin beharko duten arren, beste bi platerak di-da batean jan zituzten, eta errezetak egiteko garaian nagusitu zen isiltasuna erabat apurtu zuten dastaketaren unean.

Galderak ere izan ziren: hegaluzea kontserban jartzeko egosi ala frijitu egiten zuten galdetu zien sukaldariak, eta partaide batek beste galdera bat bota zion: ea berak inoiz hegaluzea parrillan egin eta ondoren ontziratu al zuen; "zapore desberdina" hartzen duela azaldu zuen herritarrak.

Sukaldean iaioak direla erakutsi zuten saioko partaideek, eta mahaiko zaharrenak, esaterako, lehendabiziko aldiz probatu zuen hegaluzea gordinik. "Ederra dago!", esan zuen.

Parrilla Festa, gaurtik igandera

Gaurtik igandera ere arraina izango da protagonista herrian. Honakoa da egitaraua:

Gaur, ostirala

  • 17:00. Haurrentzako arrantza ikastaroa, moilan.
  • 20:00. Parrilla piztea eta irekiera ekitaldia.
  • 20:05. Sasoiko arrainekin pintxo poteoa.

Bihar, larunbata

  • 13:30. Elkarte Gastronomikoa izeneko egitasmoa. Arraina Orioko modura erreta jango dute herritarrek, herriko parrilleroen laguntzarekin.
  • 20:00. Sasoiko arrainekin pintxo poteoa.

Etzi, igandea

  • 12:00. Txakolin Eguna, Katxina, Blai, Arbela eta Zudugarai txakolindegien eskutik.
  • 12:30. Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak.

*Hitzorduak Herriko Plazan izango dira.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide