Rocasa Gran Canaria eskubaloi taldeko Maria Zaldua pibote oriotarrak sekulako denboraldia egin du, eta horren aitorpena izan da ligako jokalari onenaren saria jasotzea. Bere taldeak irabazi du liga, eta oriotarra jokalari garrantzitsua izan da Rocasarentzat. Taldeak sare sozialetan azpimarratu du denboraldi bikaina egin duela, lidergoa, gaitasuna eta erregulartasuna erakutsita.
Denboraldia amaituta, Oriora itzuli da udaz gozatzera, eta atzo, ustekabean, lagunek harrera egin zioten Herriko Plazan. Loreak eta bertsoak eskaini zizkioten, eta Orio Eraginek elastiko bat oparitu zion bere izen eta zenbakiarekin, 31rekin. Jon Alkain dantzariak aurreskua egin, txapela jantzi, eta herritar bat baino gehiago hunkitu zen, baita Zaldua bera ere. V. Eragin Eguna ospatzen ari zen kluba, eta Zalduaren omenaldiak ederki borobildu zuen ikasturte amaierako festa.